ISBko Julen Olaizolak eta Xabier Orozek Eurobasketa jokatuko dute

Olaizola 20 urtez azpikoekin arituko da Eslovenian eta Oroz 16 urtez azpikoekin Lituanian eta Letonian, Espainiako selekzioarekin.

Denboraldia amaitu da Iraurgiko taldeentzat, baina klubeko jokalari guztiak ez daude oporretan. Urtean zehar ISBko taldeetan egindako lanak saria ere izan du zenbaitentzat eta hori da, hain zuzen ere, Julen Olaizola donostiarraren eta Xabier Oroz azkoitiarraren kasua. Biek jokatuko dute selekzioen Eurobasket txapelketa: Olaizola 20 urtez azpikoekin arituko da Eslovenian eta Oroz 16 urtez azpikoekin Lituanian eta Letonian, Espainiako selekzioarekin.

Julen Olaizolak lehen ere badaki zer den Eurobasketean lehiatzea, eta irabaztea ere bai, kadete eta junior mailako txapelketetan urrezko dominak irabazitakoa baita Espainiako selekzioarekin. Olaizolak Lan Mobel Iraurgirekin aurreneko denboraldia bukatu du aurten; GBC-k utzita jokatu du Azpeitian Zilarrezko LEB Liga, eta Lagun Aro GBC-rekin ACB Ligan ere aritu da zenbait partidatan. Xabier Orozek, aldiz, lehen aldiz jokatuko du selekzioen arteko Europako Txapelketa bat.

20 urtez azpikoen txapelketa bihar, uztailak 12, hasiko da; 16 urtez azpikoena, berriz, datorren astean.

ÚLTIMAS NOTICIAS

Ver todas