Saskibaloi Teknifikazioko azken festa larunbatean

2002, 2003 eta 2004ko Azpeitiko eta Azkoitiko 200 haur inguruk hartuko dute parte.

Saskibaloi denboraldia amaitzen hasia da dagoeneko. Talde gehienek bukatu dituzte euren ligak eta atseden hartzeko garaia noiz iritsiko zain daude jokalari asko. Baina, saskibaloia liga eta lehiaketa baino gehiago da eta hori erakutsiko digute Saskibaloi Teknifikazio Eskolan urtean zehar parte hartu duten txikienek.

Larunbatean, Ekaina hastearekin bat, Azpeitiko kiroldegia jendez beteko da, 2002, 2003 eta 2004ko Azpeitiko eta Azkoitiko 200 haurrek baino gehiagok Saskibaloi Teknifikazioko azken festaz gozatzeko aukera izango baitute. Festa goizeko bederatzietan hasiko da eta ordu batak bitarte bertaratutakoek hainbat jolasekin disfrutatzeko aukera izango dute: Twoball, jaurtiketa libreen txapelketa ezberdinak, errelebotan saskiratzeak lortu… denek ere taldekako partida desberdinak jokatuaz amaituko dutelarik.

Disfrutatzeko eguna ezbairik gabe.