Portlandetik Idahora (II)

img

Erronka berria izango du Aitorrek hazten jarraitzeko.

Idaho College izan da Aitorren azken hautaketa. Martxo amaieran bukatu zuen talde horrek NAIA ligako bigarren mailan denboraldia, eta 30 garaipen eta 6 porrot lortuta bere historiako denboraldirik onenetarikoa izan du aurtengoa. Azken fasean seigarren postua lortu zuen Idaho Collegek eta bere entrenatzaile den Scott Garsonek Red Auerbach saria irabazi zuen eginiko denboraldi onarengatik.

Idaho eskolak Azpeitiko gazteak Portlandetik alde egiteko zuen asmoa publiko egin zuenetik erakutsi du berarekiko interesa. Beraien ustetan taldeko saskibaloirako jokalari ezin hobea da Aitor, eta horregatik bertara joateko beka osoa eskaini diote. Scott Garsonek Aitorren aldakortasuna, postu desberdinetan jokatzeko duen gaitasuna, bere saskiratzeko gaitasunak eta bere kreatibitatea goraipatu ditu; eta bere taldean erreferente bihurtu nahi du azpeitiarra. Zubizarretaz gain Gibson Berryhill, Jalyn Turnen eta Dominique Jordan jokalariak fitxatu ditu Idaho Collegek hurrengo denboraldirako.

Arlo akademikoari dagokionez Idahoko unibertsitatea Portlandekoarekin alderatu daitekeela esan dezakegu, eta horri esker Aitorrek bere ikasketak jarraitu ahal izango ditu, kalitate handiko zentroan gainera.

Horrez gain, aipagarria da Idahon dagoen Euskal Kolonia, 15.000 euskal-amerikar bizi baitira bertan. Hori ere Aitorrentzat argumentu garrantzitsua izan da erabakia hartzerako orduan, momentu horietan bihotza oso garrantzitsua baita.

Gure mutilak ilusioz hartu du erronka berri hau, bai kirol arloan eta baita bizitza pertsonalean ere. Garbi dago aldaketa bat egiten dugun bakoitzean hoberako egiten dugula eta horren ondorioz bizitzako ziklo berri honek ilusio handia egiten dio Aitorri eta bere familiari. Motibazio horri esker etxean dagoen bitartean goizero 7:30ean jaikitzen da eta kiroldegira joaten da entrenatzera bere lehenen jarraitzailearekin (aitarekin).

Datorren denboraldian zehar gurekin kontaktuan izango da Aitor Zubizarreta eta Idahotik bere esperientzien berri emango digu. Bere bizitzara gerturatuko gaitu eta bere pasioaz hitz egingo digu, saskibaloiaz.
Gainera, maiatzetik Azpeitian den arren, ekainaren 3tik 5era Espainiako U20 selekzioarekin kontzentratuta egongo da Aitor Madrilen.

Espainiako Saskibaloi Federaziotik gonbidapena iritsi zaio bere adineko Estatu mailako jokalari onenekin batera lan egiteko. Izugarrizko esperientzia biziko du Zubizarretak.

Egurre Aitor!!!!