Denboraldiari agur

img

Urtero moduan, Iraurgi SBk bazkari eder batekin agurtu zuen denboraldia, aurtengoa historiako onena klubean.

Beste urtebetez, Iraurgi SBko familia Loiola Hotelean elkartu zen pasa den larunbatean, denboraldiari bazkari eder batekin agur esateko. Ausartenek tradizioari eutsi eta Oñatzera bizikletan igo eta gero, kadete mailatik hasi eta Zilarrezko Leb ligako jokalarietaraino, zuzendaritzako kide eta entrenatzaileez lagunduta, mahai baten bueltan elkartu ziren denboraldiko gorabehera, anekdota eta abarrak kontatu eta datorren denboraldiari begira jartzen hasteko. Pasa den denboraldiari buruz asko zegoen kontatzeko gainera, eta baita elkarren artean zoriontzeko, klubean denboraldi historikoa izan baita 2014-15 hau.

Eta historia egin duten jokalariek ere jaso zituzten beraien sariak: Zilarrezko Leb ligako Sammic ISBtik Brandon Garrettek; Disdira Bitxitegia ISBtik Josu Urbizuk; Emakumezkoen lehen mailako Zurt Taberna ISBtik Garazi Arregik; Lehen probintzialeko Errotaundi ISBtik Jon Larrañaga; Junior mailan, Aitor Astigarragak, Eneritz Larrañagak eta Iñigo Elorzak eraman zituzten sariak; eta kadete mailan Ierai Aizpitarte, Larraitz Larrañaga eta Garazi Aranburu. Entrenatzaile onenaren saria, berriz, Zurt Taberna ISBko entrenatzailea den Joseba Lizarraldek eraman zuen eginiko denboraldi bikaina saritzeko.

Zorionak guztioi denboraldi bikain honegatik eta uda ona pasa dezazuela. Indarberrituta etorri bueltan aurtengo urtea beste behin errepikatzeko!