Konfirmatu da Espainiako LF mailan jokatu behar dugula eta hausnarketa bat egitera noa.

  • isb.eus
  • 2015/07/24
  • Joseba Lizarralde
img

Aurreko denboraldia AMETSAK ERE EGI BIHURTZEN DIRA leloarekin laburtu genuen taldekide guztiok. Baina badirudi ametsak jarraitzen duela.

Gure helburua LF2n jokatzea izan arren, arazo batzuen ondoren, maila bat gorago jokatzea tokatu zaigu, hau da Espainiako sakibaloi txapelketako maila gorenean.

Batzuentzat erokeria izango da, beste batzuentzat arrokeria, baina guretzat hil ala biziko erabakia zen, eta bizitzea erabaki dugu.

Benetan erronka gogorra, dudarik ez, baina horretarako prestatu beharra daukagu eta prestatuko gara. Nik, entrenatzaile bezala eta nire laguntzaile Aritz Aldalur eta "Gurru" jaunak, dugun guztia emango dugu partidu guztiak borrokatzeko, nahiz eta jakin aurrean izango ditugun taldeak gu baino hobeagaok izango direla.

Talde bikainak izango ditugu aurrean. Gure herritik pasako dira Uni Girona( aurreko denboraldiko txapelduna) edo Perfumerias Avenida, Europako txapelketetan ondo ibiltzen den taldea eta Donostiako UPV taldearen aurka ere jokatuko dugu, zer partida bikain jokatu genituen aurreko denboraldian, berauen bigarren taldearen aurka. Izarrez betetako taldeak, dudarik gabe.

Baina, niretzat izarrik onenak, Garazi Arregi, ea Naroa Uria dagoen, Eider Bereziartua, Irati Etxeberria, Maite Zubizarreta, Intza Lizarazu, Itsaso Astigarraga eta Maitane Gurrutxaga izango dira. Izugarrizko ilusioa egiten dit neska hauekin batera, sekula pentsatuko ez genuen maila batean parte hartzea eta gure bezelako kirol talde xume batek, historia egiten jarraitzea.

Garbi dago, talderik onena ez garela izango, baina garbi daukat, LF mailako zaletu onenak izango ditugula. Aurreko denboraldian erakutsi zuten eta aurtengoan ere lagunduko digute, barruan dugun guztia ateratzen.

Bukatzeko, denboraldi berriarentzat ere aukeratu dugu leloa, AMETSAK JARRAITZEN DU. Denok zaudete gonbidatuta amets honetan parte hartzera.....

EURRE NESKAK, EURRE IRAURGI.