Faboritoetako bat

  • isb.eus
  • 2015/11/26
  • Javier Zurbano
img

Añares Rioja lehiaketara itzuliko da datorren igandean 18:00tan Gironan, talde benetan handi baten aurka. Kataluniarrak bigarren sailkatuak dira (8-1) Perfumerias Avenidarekin berdindurik. Erronka benetan zaila.

Selekzioaren neurketak direla eta egon den geldialdiaren ondoren, Añares Riojako neskek, lehiaketako irteerarik zailenetako bati egin beharko diote aurre. Spar Citylift Gironak argi uzti zuen Superkopan titulurako hautagaia izan nahi duela eta ez diola Perfumerias ahalguztidunari beldur. Taldea, txapelketako onenetakoa da, nahiz eta azken bi egunetan bi jokalari oso garrantzitsu galdu dituen. Barruko jokoa oso erabakigarria duen taldea da eta batez ere taula azpiko jokoa erabili ohi duena, hor duen indarra jakinda.

Miguel Angel Ortegarentzat ez da oso aste ona izan pasa dena. Izan ere, bere proiektuaren bi pieza garrantzitsuenak galdu berri ditu, taldeko bi jokalari baloratuenak. Chelsea Grayk bere kontratua eten du, bertan, Gabonen aurretik eskaintza handiago bat jaso ezkero, apurtzeko aukera ematen baitzioten. Turkiako saskibaloia izango da bere jomuga, Gironakoen web orrian jartzen duenez, hemengo saskibaloiarekin, ekonomikoki alde nabarmena duen herrialde eta ligara, beraz. Ziur taldeak faltan botako dituela bataz beste sartzen zituen 18’4 puntuak, eskuratzen zituen 4’8 erreboteak eta bere 21’3ko balorazioa.

Gutxienez zortzi bat asterako erori den bestea Artemis Spanou greziarra izan da, bere selekzioarekin jokatzen ari zela eskuin eskuko hatz bat puskatu eta gero. Hurrengo egunetan ebakuntza-gelatik pasa beharko da eta luzaro egongo da kantxatik aldenduta. Artemis 32 minutu ari zen jokatzen partidako eta 10 puntu eta 8 erreboterekin bataz beste, 17’7ko balorazioa zuen.

Gure jokalarientzat duda gabe albiste ona da horrelako jokalari biren hutsunea izatea kontrarioak. Hala ere, gainontzeko jokalarien zerrenda ikusita, kataluniarrek sekulako taldea izaten jarraitzen dute eta gainera jokalari batzuek taldean euren lekua aldarrikatu nahi izango dute.

Noemí Jordana (1’75 m) eta Tayler mingo (1’68m ) joko antolatzaile apartak dira. Espainiarra titular moduan dabil eta 7’6 puntu, 2’2 errebote eta 3’2 asistentzia lortu ditu partidako; amerikarrak bien bitartean, aulkitik irtenda 6’7 puntu eta 3’7 errebote eskuratu ditu bataz beste. Barneraketetan bikainak dira biak eta hiruko marratik ere nahiko iaioak.

Adrijana Knezevic (1’83 m) serbiarra Campus Prometetik fitxatu zuten kanpoko jokoan erreferente nagusietako bat izan zedin. Luzera handiko jokalaria eta 1x1eko oso on batekin. Ez da hiruko jaurtitzaile ona, baina bai barneraketak bilatzerako orduan, eta hala ere, orain arte ez du espero zena eman. Egia da, taldeak barruko jokoa bilatu izanak ez diola gehiegi lagundu, baina orain dauden hutsuneek, baloi gehiago eskuratzeko aukera emango diote eta bere errendimendua aldatu dezake horri esker.

Pikciute (1’92 m), Kuktine (1’87 m) eta Coulibaly (1’91 m) dira Gray eta Spanouren erreleboa hartu beharko luketen jokalariak. Hirurak dira jokalari oso gogorrak eta defendatzaile onak. Erasoan orain arte bigarren planoan egon dira, baina orain erantzukizun gehiago izango dute.

Gure neskentzat oso partida zaila, duda gabe.

Argi dago Añares Rioja mailari esku hartzen hasia dela eta azken hiru neurketak ikusita bigarren sailkatuaren aurrean nor baino nor gehiago ibiltzeko aukerak badituela. Girona izan daiteke lehen garaipena eskuratzeko toki polit bat, zergatik ez?

Egurre Neskak!!!