28885 kilometro

  • isb.eus
  • 2015/12/14
  • Javier Zurbano
img

Iraurgi FEB lehiaketetan kilometro gehien egiten dituen taldeetako bat da. Noski, Kanarietako eta Balear uharteetako taldeek guk baino gehiago egiten dituzte, baina Sammicek egiten dituenei Añaresenak gehituz gero, lurrari bi buelta egiteko beste edukiko genuke. Nork berdinduko du hori?

Denboraldi hau oso zaila izan behar zela, bai kirol mailan eta baita logistikoki ere guztiok geneukan barneratuta Iraurgin. Egia esan, klubak elitezko bi talde izateko pausua eman zuenean, jakinda ere, bilbotarren erara jokatu genuen eta “horrekin eta gehiagorekin ahal dugu” esanez berrelikatzen gara. Dagoeneko ia denboraldi erdia joan zaigu eta ezin esan genezake gauzak aurrera ez doazenik, eta gainera, antolakuntzari dagokionez oso nota ona aterata esan daiteke.

Añares Rioja ISB da lehena egindako kilometrotan. Emakumezkoen Lehen Mailako taldeak 14.832 kilometro edukiko dituzte eginak denboraldia amaitutakoan. Seguruenik neskek beraiek ere ez dutela kalkulurik egin zenbaki horrek zenbateko autobus ordu suposatzen dituen, baina emakumezkoen saskibaloi eliteak berarekin dakar esfortzu hori. Kontratuaren “letra txikia” irakurriko ote zuten? Euskadin jokatuko dituzten bi partidez gain, Añares Rioja ISBko neskek 8 Autonomi Erkidego bisitatuko dituzte: Katalunia (2), Kanariar Uharteak (1), Aragoi (1), Galizia (1), Madril (1), Errioxa (1), Andaluzia (1) eta Gaztela eta Leon (3).

Sammic-ek irletan jokatzea ekidin du, baina hala ere, 14.053 kilometro egingo ditu errepidean. Neskak baino ohituago egonik ere, neketsua izango da Zilarrezko Leb ligako mutilentzat eta orduak pasa beharko dituzte musean jokatzen edo pelikulak ikusten. Sammicek ere bi neurketa jokatuko ditu Euskadin, baina Valentzian (1), Andaluzian (3), Galizian (3), Gaztela eta Leonen (2), Aragoin (2), Madrilen (1) eta Katalunian (1) presente egongo dira. Añaresek baino Autonomi Erkidego bat gutxiago, baina ia kilometro kopuru berdina.

Gure babesleek beraz badakite penintsula osoko prentsan lekua izango dutela gure taldeek ia estatu osoa zeharkatuko baitute. Beraien diru laguntza konpentsaturik ikusi dezakete, penintsulako komunikazio medio guztietan agertuko baitira euren izenak. Penintsula osoa haluzinatuta dago “Iraurgiko gipuzkoar horiekin”, “baliabide eskasaren aprobetxamendua” arte bihurtzera iritsi direlako.

Baina esfortzua eragina izaten ari da. Desgastea itzela da eta askotan bizirik iraun ahal izango dugunaren beldurrak jan egiten gaitu. Zorionez partidaz partida harmailak betetzen dituen zalego fidela daukagu eta hori sekulakoa da. Morala gainezka jartzen gaitu 900 pertsonek euren jokalari eta klubeko kideei botatzen dieten txalo zaparradak ikusi ahal izatea, bi elitezko proiektu gipuzkoarrekin ari dira gozatzen, eta ikusten dute kantxa gainean jokalariek guztia ematen dutela, probintziako jendearekin lehiakor izan daitekeelako (Zilarrezko LEB ligan) eta Azpeitia eta Azkoitian 9 gladiadore (Emakumezkoen Lehen Mailan) dituztelako. Lanean topera jarraitu eta betebehar ekonomikoei aurre egiteko harri azpitatik ere dirua ateratzeko borrokan ibiltzeko arrazoi handia da hori.

Kluba harro dago, bularreko angina latzarekin, baina Gipuzkoako saskibaloian historia egiten ibiltzeagatik pozez beterik.

Gure eskualdeko saskibaloia eta Azpeitia/Azkoitia izenak egingo ditugun 28885 kilometroetako bakoitzean gurekin eramateaz POZIK ETA HARRO (letra larritan).

Michael Jordan izeneko mutil batek hala esan zuen behin: “pertsona batzuek zerbait gerta dadin nahi dute, beste batzuek gertatuko dela amesten dute, BESTE BATZUEK GERTATZEA LORTZEN DUTE”.

Iraurgi azken hauetakoa da.

Egurre Iraurgi!!!