Porrota bai, baina sentsazio positiboekin (60-69)

img

Euskal Ligako kadete mutilak titulua irabazteko hautagai nagusi baten aurrean ezustekoa emateko puntuan egon ziren. Unamunok gogotik egin behar izan zuen lan Azkoititik garaipena eraman ahal izateko. Egon adi… Zaher-ek susto bat baino gehiago eman dezake.

Lehen laurdenean parekotasuna erabatekoa izan zen. Bi taldeek defentsan lan egin zuten buru-belarri eta gogor saiatu ziren euren erritmoa ezartzen partidari. Defentsan oso ondo ibili ziren 1x1eko zaintzan eta erreboteko borroka oso lehiatua izan zen. Gure barruko jokoko bikotea (Imanol eta Eritz) maila ikaragarrian ibili zen eta nahiz eta fisikoki desabantaila eduki, euren aurkariak zoratzeko kapaz izan ziren minutu askoan. Erasoan bi taldeak ibili ziren ondo: kontraerasoan irten ziren ahal izan zuten guztietan eta eraso estatikoetan pazientziarekin jokatu zuten jaurtiketa onenak topatu arte. Ezin zitekeen beste modu batera izan: 16nako berdinketa.

Bigarren laurdenean defentsako lanak bere horretan jarraitu zuen. Bi taldeak, erreboteko lana partidaren giltza izango zela jakitun, lan horretan buru belarri saiatu ziren. Ieraik, taldeko erasoko erreferentzia izanda ere, minutu asko eman behar izan zituen falta arazoak tarteko aulkian, baina Shyanek hartu zuen erasoko jokoaren ardura eta 9 puntu sartu zituen jarraian. Zaherren defentsako bi hutsek Unamunori aukera eman zion partzialean garaile irteteko (14-18) eta lauko abantailarekin joan zen aldageletara.

Erlaxatzetik urrun, bi taldeak topera irten ziren baita ere hirugarren laurdenean. Defentsan oldarkor, erasoan saskiratze ikusgarriak lortuz eta batez ere, jokaldi guztietan bihotza jarrita. Bertaratutakoek denboraldiko laurdenik onenetako batez gozatu zuten, Azkoitiko kantxan sekulako saskibaloia ikusi zen. Zoriak partzialean garaile Unamuno irten zedin nahi izan zuen (16-17), nahiz eta partidak oso zabalik jarraitzen zuen.

Zaherrek kontzentrazioa galdu zuen azken laurdeneko hasierako minutuetan eta kanpotarrek abantaila handitzeko aprobetxatu zuten. Baina larunbatean Enaitzen mutilak erronkak eskatzen zuen mailan egon ziren eta ez zituzten besoak jaitsi. Defentsan zuen maila berreskuratu zuen, baina erasoan uste baino gehiago kosta zitzaion puntuak lortzea. Ieraien eskutik Zaher lau puntura gerturatu zen minutu baten faltan, baina zorteak bizkarra eman zion Iraurgiri. Jaurtiketa onak burutu zituen baina ezin sartu eta Unamunok behar zuen lasaitasuna eskuratu zuen jaurtiketa libreen marratik. 14 eta 18ko partziala kanpotarrentzat.

Enaitzek hurrengoa zioen partida amaitutakoan:

“Uste dut meritu handiko partida egin dugula eta egin dugun esfortzua goraipatzekoa dela. Baina ezin dugu horrekin konformatu eta lanean jarraitu behar dugu garaipen moduan saria jaso dezagun. Bi asteren buruan berriz jokatu dugu Unamunoren aurka eta fase erregularreko partida hartatik hobekuntza handia erakutsi dugula esango nuke. Astean zehar entrenatutako guztia edo ia guztia egin dugu.A1a partida on bat burutuz eta aurkari zail bati garaipena garesti jarriz hasi dugu behintzat.”

Saskiratzaileak: Gorka (6), Jon, Ierai (19), Julen (3), Ivan ( 2), Jon Altuna, Shyam (16), Imanol (10), Josu (2), Eritz ( 2), Iker