Estu hartu du Añaresek Kopa Txapelduna

img
Argazkia: Javi Zurbano

Hirugarren laurdenean Conquerok hartutako abantaila erabakigarria izan da azken emaitzan. Hori bai, andaluziarrek gogotik sufritu dute irabazteko (78-68).

Egia da Huelva aldean azken aldian diru arazoek sortutako iskanbilak direla eta, gaur egungo Conquerok ez daukala zer ikusirik, lehen itzulian Azpeitian jokatu zuen harekin. Baina Kopa Txapeldunak lortu ahal izan du 4-5 elitezko jokalari taldean mantentzea eta gainontzekoek partidaz partida erakusten duten lehiatzeko grina txalotzekoa da. Ez da baina atzean gelditzen Añares Rioja ISB eta gaur minutu askoan estu hartu dute gipuzkoarrek Gabriel Carrascoren taldea.
Etxekoak dena ematera irten dira eta segituan 7 eta 0ko partziala lortu dute. Peters ezin gelditu zebiltzan Joseba Lizarralderen neskak, Davydova ikaragarri sufritzen eta Añareseko entrenatzaileak segituan gelditu du partida hutsarte batekin. Hortik aurrera, eta Roselisen eta Markovicen laguntzarekin taldea lehiatzeko gai zela barneratzen hasi da. Bere jokoan sinetsiz gutxika markagailuan gerturatzen hasi da. 15 eta 5ekoetik laurdena amaitu den 17 eta 16rakora pasa gara. Guztiek eman diote taldeari, guztiek hartu nahi zuten erantzukizuna eta baloiak ez du erre.
Bero zebilen Añares eta ordurako erreboteen erregina bihurtuta zebilen Davydovak aurreneko jarri du aurretik talde gipuzkoarra. Peters eta Traore, biak batera kantxa egon ez diren momentuan sufritu egin du Conquerok eta Añaresek partida estu hartzeko baliatu egin du. Roso Buch ez zebilen finegi eta beste aldean berriz, bai Markovicek eta baita maite Zubizarretak ere eskumuturra ondo koipeturik zuten. Gozatzen zebilen Iraurgi eta etxekoen bosteko titularraren kalitateak eta Lizarralderen nesken hutsen batek edo bestek bakarrik mantentzen zuten markagailua orekatuta. Traorek bozina joka zuela lortutako hiruko batekin 34nako berdinketarekin joan dira aldageletara.
Lehiakor zebilen Añares eta lehiakor sentitzen ziren bere jokalariak, baina hirugarren laurdenean errealitate ukitu bat jasan behar izan dute. Roso Buch esnatzearekin batera, eta Peters eta Traorek euren lana eginez jarraitu dutenez, Conquerok talde gehiago zela erakutsi nahi izan du. Enbidoari eutsi nahi izan dio Iraurgik eta momentu askoan lortu du, baina nekeak eragina izan du, egindako esfortzua itzela baitzen, eta gainera zoritxarrez Roselisek ez ditu minuturik onenak jokatu.
Aldea zabaltzen hasi da, oraindik eta gehiago azken laurdeneko lehen txanpan. Hiruko marratik asmatzen hasi dira andaluziarrak eta bestela erasoko errebotean Peters agertzen zen min gehiago egiteko. Davydova leher eginda aurkitzen zen eta 14 puntuko aldea zabaltzera iritsi dira etxekoak. Ez du etsi baina Añaresek eta ahalegindu da, baloiren bat lapurtuz, hirukoren bat sartuz, kontraerasoren batekin… 7 puntura ere gerturatu da, baina indar faltak eta adierazi dizkioten falta kopuruak (21 guztira, 11 bakarrik etxekoei) ez dizkiote utzi markagailua gehiago estutzen. Azkenean 78 eta 68. Hirugarrena ez da iritsi baina horrela jokatuta asteazkenean Gernikaren aurka iritsi daiteke.
Saskiratzaileak: (17-16/17-18/23-15/21-19)
CB CONQUERO: De Sa (8), Buch (21), Raluy (3), Traore (18), Peters (27) – Prieto, Recio (1), Rebollo, Arroyo, Alcantara.
AÑARES RIOJA ISB: Bereziartu (2), Etxeberria, Davydova (12), Silva (9), Markovic (17) – Arregi (6), Uria (6), Zubizarreta (9), Lizarazu (7), Astigarraga, Gurrutxaga.