Eskerrik asko!

img
Argazkia: Javi Zurbano

Añares Rioja ISBk agur esan dio etxean elitean jokatzeari Azkoitiko kiroldegiko harmailak goraino bete dituzten zaleen aurrean. Gernika nagusi izan da derbyan (63-84), baina jokalariak merezitako txalo zaparradapean joan dira aldageletara.

Partida berezia zen gaurkoa eta ez bakarrik Gernikaren kontra derbya jokatzen zelako, baita emakumezkoen elitezko saskibaloiak agur esaten ziolako Urola bailarari ere. Añares Rioja ISBk ezin izan du garaipen batekin amaitu etxeko bere ibilbidea, baina zaleek gogotik txalotu dute neska hauek denboraldian zehar egin duten esfortzu itzela.
Agian harmailen itxura onak kutsaturik (Azkoitiko kiroldegia goraino bete da, 550 pertsona inguru eta gehiago ez zirelako sartzen), agian zaleen aurrean azken partida zela zekitelako, agian, derbya izanda Gernikari zerbait erakutsi nahi zietelako… kontuak kontu motibazioz eta intentsitatez topera hasi duela Añares Rioja ISBk partida. Lehenengo bi erasotan hiruko bat eta 2+1eko bat eskuratuta hemen gaude esan dute jokalari gipuzkoarrek. Erantzuna baina segituan etorri da. Gernikak kalitatea erregalatzeko moduan dauka eta Claudia Pop bezalako jokalariek diferentzia markatzen dute. Errumaniarra bere taldearen gidari bilakatu da eta 6 eta 5ekotik, 8 eta 22kora eraman du bere taldea. Presioa gogor egiten hasi diren bezain pronto, bizkaitarrek baloiak erraz lapurtu dituzte eta saskiratze oso errazak eskuratu dituzte, markagailuan zuloa zabalduz. Etxekoek eraso kantxara iritsi ahal izan dutenean hiruko marratik asmatu dutelako jarraitu dute bizirik. Baloi irteera gogor presionatzen diotenean izugarri sufritzen du Añaresek eta Gernikak ondo daki hori egiten.
Lanean jarraitu dute hala ere Iraurgikoek zaleen bultzadaz lagundurik. 6 puntura jartzea lortu dute eta bazirudien momentu batzuetan Gernika estu hartzeko kapaz izango zirela. Baina goma bat bailitzan ibili da markagailua. Partida estutzen joaten zen heinean, Mario Lopezen neskek alde egiteko beste saiakera bat egiten zuten eta berriz distantzia zabaldu. Presioa apurtzen jakin izan duenean Añaresek min handia egin du, puntuak sartzeko ez dituelako arazo gehiegirik eduki. Baina beste aldean Popek eta Vegak sarraskia egiten jarraitzen zuten. Naiara Diezek ere bere eskumutur fina atera du paseatzera eta kanpotik asmatu ez dutenean erasoko errebotearekin egin dute min bizkaitarrek. Beraz, markagailuan alde nahikoa edukitzeko arazo askorik ez dute eduki. Estrategia aldatu nahi izan dute etxekoek eta defentsa aldaketez gain, erasoan Davydova bilatu dute. Errusiarrak lan eskerga egin du beste behin (nahiz eta gaixo egon) eta puntuak batzen hasi da. Markagailuko distantziak bere horretan jarraitzen zuen, baina Iraurgik lehiatzeko kapaz dela erakutsi du. Azken minutuetan eta partida erabakita egon arren, Gernikak estutzen jarraitu nahi izan du, Davydovaren gaineko defentsa gogortu du eta barrutik kanpora jokatu behar izan dute gipuzkoarrek, baina lehen zatian sartu diren hirukoek ez dute bigarrenean sartu nahi izan eta azkenerako ezin izan dute Joseba Lizarralderen neskek markagailua nahi bezain beste txukundu. Azkenean 63 eta 84.
Ez da gustukoa etxean jokatuko duzun azken partida emaitza horrekin galtzea, baina galdu ala irabazi, neska hauek hustu egin dira denboraldiko partida guztietan eta horregatik ESKERRIK ASKO!!!. Partida bat gelditzen zaizue, IDK Donostiaren aurkako derbya, gozatu ezazue.
Saskiratzaileak: (21-30/16-21/16-18/10-15)
AÑARES RIOJA ISB: Zubizarreta (2), Lizarazu (7), Davydova (19), Silva (19), Markovic (6) – Arregi (7), Bereziartu (3), Etxeberria, Astigarraga, Gurrutxaga.
GERNIKA KESB: Pop (22), Diez (8), Vanderwal (4), Vega (16), Edwards (16) – Llorente, Clark (5), Garcia (1), Lazaro (6), Ross (6).