Bostetik bat Iraurgirentzat

  • isb.eus
  • 2016/04/26
  • Javier Zurbano
img

Klubeko bost talde presente egon ziren beste horrenbeste finaletan pasa den asteburuan, baina tamalez Iragazeko neskak izango dira errendimenduzko kadete mailako Lauko Finala jokatuko duten bakarrak. Gainontzeko taldeek ez zuten irabazterik lortu, naiz eta oso paper duina egin zuten, amaiera arte lehiatuz.

EASO 01 BEGITEK 80 – 35 KIROL AUKERA ISB

Historia handirik gabeko partida, errendimenduzko gure kadete mutilek atsedenaldira arte bakarrik eutsi zutelako. Easo talde donostiarra oso talde konpentsatua da eta gurea baino askoz hobea. Atsedenaldiaren ondoren Larraren eta Ametsen mutilek besoak jaitsi zituzten eta bi partzialetan astindu latza jaso zuten. Donostiarrak arrabola moduan funtzionatu zuten eta segundo bakar batean ere ez ziren lasaitu, gozatzen amaitu zuten gainera. Amaitu da denboraldi gogor hau Kirol Aukerarentzat, beharrezkoa zuten oreka bilatu ezinik duten saskibaloi guztia atera ahal izateko.

IRAGAZ ISB 57 – 42 OSTADAR SKT

Beñat Aldalurren neskek gogor lan egin behar izan zuten eta hirugarren laurdenera arte ezin izan zuten partida guztiz apurtu. Iragaz hobeto irten zen kantxara eta lehen abantailak hartu zituen markagailuan. Baina Ostadarrek garbi zuen ez iola gauzak erraz utziko gure taldeari eta estutu egin zuen bigarren laurdenean markagailua berdintzera heldu arte. Gure nesken minuturik onenak atsedenaldiaren ondoren iritsi ziren eta 15 puntuko aldea zabaltzea ortu zuten, atzeko lan onak bere fruituak eman zituen eta taldeak korrika egiteko aukera eduki zuen. Azken laurdenean bi taldeek defentsako lana ahaztu zuten eta saskiratze trukaketa polit batekin amaitu zuten.
Datorren igandean goizeko 10etan Alzan finala jokatuko dute Cafes Aitona Askatuaken aurka.

Zorionak eta egurre Iragaz!!!!!

ESKORITZA KE 40 – 36 MOVILTEK ISB

Partaidetzako gure kadete neskak Miguel Muñoz Arenan galtzaile irten ziren anfitrioien aurka. Jesusen neskak markagailuan atzetik ibili ziren momentu oro, eta konpromisoak eskatzen zuen mailan egotea azken minutuetan bakarrik lortu zuten. Eskoriatzako neskak oso motibaturik agertu ziren eta garaipena eskuratzeko argumentu gehiago erakutsi zituzten. Goraino beteta zeuden harmailen laguntzarekin, Fernando Raso eta Joserra Garayren neskek erraz irabazi zituzten lehen bi laurdenak. Hiruko marratik edukitako efikazia txarra gure neskek garaipen aukerarik ez edukitzeko gako nagusietako bat izan zen.

EASO 02 ADARRA 60 – 33 TXIKERRA ISB

Errendimenduzko infantil mutilek garaipen aukera oro bigarren laurdenean galdu zituzten. 15 eta 1eko partzial gogor bat erabakigarria izan zen aukera guztiak galtzeko. Txikerrak maila oso ona eman zuen lehen eta hirugarren laurdenetan eta nor baino nor gehiago jokatu zuten mailako txapeldun izango denaren aurka. Baina horrenbeste baliabide dituen talde baten aurka eta horren aulki luzearekin gainera, edo %200an jokatzeko kapaz zara berrogei minutuetan edo oso aukera gutxi dituzu. Igandean Txikerra konpromisoak eskatzen zuen mailan egon zen hiru laurdenetan eta horrek badauka bere meritua lehiaketako azken fasean edukitako emaitzei so eginez gero.

ARRI BKL “A” 58 – 54 ALUMAK ISB

Partaidetzako infantilak ezin izan zuen BKL talde beasaindarra gainditu. Iraurgiko mutilek ondo hasi zuten partida, defentsan sendo eta nahiko errez lortuz puntuak, baina bigarren laurdenean defentsan edukitako kontzentrazio akatsak erabakigarriak izan ziren. Atsedenaldia eta gero Legardaren mutilek gogor defendatu zuten, baina saskiratze bataz bestekoak ez ziren onak izan eta atzean egindako lan onak ez zuen bere fruitua eman. Hala ere, dena erabakita zegoela zirudienean Alumakek bere kasta atera zuen eta bere momenturik onena iritsi zen. Beasainekoak dena eginda zutelakoan erlaxatu egin ziren, gureak borrokan jarraitu zuten eta ia sorpresa ematen amaitu zuten. Jaurtiketa libreetan edukitako efikazia txarrak kondenatu zuen Alumak. Porrota jasota ere oso sentsazio positiboak, partaidetzako gure infantilak konpromisoak behar zuen mailan egon zirelako.