Garaipen sufritua Beasaineko Lauko Finalerako txartela lortzeko

img

Errotaundi ISBk 64 eta 59 irabazi zion Askatuaki eta modu honetara matematikoki eskuratu du Lauko Finalean leku bat.

Pasa den larunbatean Azpeitian jokatutakoa ez zen izan Errotaundi ISBren partidarik onena. Kantxara hotz irten ziren eta Iraurgikoak nahiko despistaturik zeudela zirudien. Askatuakek markagailuan aurre hartzeko aprobetxatu zuen, nahiz eta egiari zor ez zuen abantaila handiegirik lortu. Taldea ez zebilen eroso kantxan, erasoan egindako hutsek eragina zuten defentsako lanean eta lehen laurdena kanpokoen alde amaitu zen 14 eta 16.

Bigarren laurdena pixka bat hobea izan zen etxekoendako. Nahiz eta kanpoko jaurtiketako efikaziak larunbat arratsaldean ez zuen agertu nahi izan, defentsa funtzionatzen hasi zen, erasoan erritmo gehiago egon zen eta jaurtiketa onak topatzeko kapaz izan ziren. Laurdenaren azken minutuek markagailuan pixka bat alde egiteko balio izan zuten eta atsedenaldira 7 puntuko abantailarekin iritsi zen: 36-29.

Hirugarren laurdena ere ez zen ona izan Errotaundi ISBrentzat. Nahiz eta lehen saskiratzea eskuratu, minutu batzuetan bi puntu bakarrik eskuratzeko kapaz izan ziren, eta nahiz eta defentsan nahiko lan ona egin zen, Askatuakek gutxiago huts egin zuen eta partida berdintzea lortu zuen (40na 27.m). Urduritasuna agertzen hasi zen etxeko taldean. Hutsartea eskatu behar izan zen ideiak ordenan jartzeko eta horrela alde txiki bat hartu ahal izan zen (44-40).

Azken laurdenean parekotasuna izan zen nagusi, etxekoen abantaila segituan desagertu baitzen eta azken minutuan 2 gora bakarrik sartu zen Errotaundi. Jaurtiketa libretan asmatu izanak, nork esango zuen, lagundu zuen partida irabazi eta maiatzaren 7-8ko asteburuan jokatuko den Lauko Finalerako txartela matematikoki lortzeko.

Datorren larunbatean Errotaundik liga erregularreko azken partida jokatuko du DKS donostiarren kontra.