Espainiako Txapelketetan aditu bat

img

UVA Ponce tradizio handiko taldea da Espainiako Txapelketetan. Gutxitan huts egin du eta txapelketaren goi aldean egon nahi baduzu garaitu beharreko talde horietakoa da. Bere jokoaz gozatzeko aukera edukiko dugu Azpeitian datorren asteburuan.

Duda gabe emakumezkoen saskibaloiaren munduan Valladolideko erreferentzia nagusia da. 1997tik aurtengo hau izango da Uva Ponceren 27. aldia Estatuko Txapelketa batean, eta horrek erakusten du gauzak oso ondo egiten dituztela. 12 talde federatu, lau eskola euren saskibaloi eskolara lotuta (220 neskatxo) eta maila handiko 20 entrenatzaile dira euren kirol patrimonioa, Gaztela-Leongo hobeenetako bat.

Lehiaketako azken tramuan perfekzioa ukitu zuen ia. Junior taldea euren Lauko Finalean ilusio betez iritsi zen, baina lehen partidan San Isidrori 70 eta 61 irabazi eta gero Aros-en aurka (65-73) eta Agustinos Eras-en aurka (60-57) galdu zuten. Nahiz eta estatuko txapelketan seigarrenez jarraian egoteko helburua bete, taldeari aho-zapore gazia gelditu zitzaion. Kontutan hartu behar ez den asteburu txar bat, ziur Azpeitian bestelako itxura emango dutela.

Juan Francisco Martinez da talde honetako arima. Harrobiko saskibaloiari bizitza erdia emanda, “Tato”k hamabosgarrenez biziko du Estatuko Txapelketa bat.

A) Nahiz eta liga erregularra oso sentsazio onekin amaitu, Lauko Finala ez zen taldeak nahi bezain ona izan. Zeintzuk izan ziren arrazoiak?

Lehen egunean 6-23ko partzial bati buelta eman behar izan genion eta esfortzu horrek eragin handia izan zuen jokalari garrantzitsuetan. Bigarren jardunaldian, Arosen kontrako porrotak, jaurtiketetan bataz besteko txarrekin, nahiz eta gure indar-guneetako bat hori izan berez, irabaztetik aldendu gintuen. Agustinosen aurkako porrota berriz, behin sailkapena lortuta, guztiei jokatzeko aukera ematetik dator, emaitzak ez zeukalako garrantzirik eta gozatzeko unea zelako. Hala ere, partida guztia kontrolpean eduki genuen azken minutua izan ezik, kontrarioak kanpotik asko asmatu zuen eta…

B) Nolakoa da zuen probintziako saskibaloia?

Harrobiko saskibaloiari dagokionez, ona. Valladolidek eta konkretuki UVA Poncek erkidegoan dominatu ohi du eta txapelketetan beti nabarmentzen da, gauzak ondo egiten diren seinale nahiz eta jende askoko herrialdea ez izan. Hori bai, erreferentzia izango den senior talde bat falta zaigu, beste probintzia batzuetan badagoena (Salamancak, Zamorak eta Leonek Emakumezkoen Lehen Mailan taldea dute).

C) Nola iristen da UVA Ponce Estatuko Txapelketara? Ze helbururekin?

Guztiaren gainetik gogotsu. Neska hauek oso lehiakorrak dira eta horrelako txapelketa batek dituen zailtasunak jakinda ere, duten guztia emango dutenaren garantia daukagu. Batzuk lesio batetik bueltan daude eta ez dakit D egunean, H orduan sasoi betean egongo diren. Gure helburua saskibaloi on bat egiten saiatzea, baina ernegatu gabe, 5 jokalari kadeteak eta 4 lehen urteko juniorrak.

D) Zer aurkituko dugu kantxara salto egiten duzuenean?

Denetik egiten ahalegintzen den talde bat. Korrika egiteko aukerari muzin egingo ez diona, baina bere pibotez edota kanpoko jokoaz ahaztu gabe.

E) Nola ikusten dituzu kontrarioak?

Askoz jota urtean behin elkarren aurka jokatzen duten taldeen arteko konparaketa bat egitea oso zaila iruditzen zait, baina nire ustez multzoko zailtasunik handiena lehiaketa eredu berrian dago, talde bakarrak egingo duelako aurrera. Edozein hutseko kondena zaitzake. Murtziak eta Melillak ez dute zer oparituko eta Iraurgi oso goian amaitzeko faborito nagusietako bat delakoan nago, aurreko urteetan lortutako garaikurrak kontutan hartzen badugu behintzat.

F) Definitu ezazu zure taldea, zer motatako saskibaloia egitea gustatzen zaio?

Joko erakargarri bat egiten saiatzen gara, gure defentsa oldarkorra da gure indar-gunea, eta askotan aurkariak baino puntu bat gehiago sartzera jokatu behar izaten dugu irabazi ahal izateko. Gaztetasuna eta akatsak postu diferentetarako etorkizuneko jokalariekin konpentsatzen dugu.

G) Azkena eta mesedez egia esan… zer da zailagoa… estatuko Txapelketara sailkatzea edo Gipuzkoan ostatua bilatzea?

Fifty-fifty…azkenean ziur bikain egongo garela Itziar-Debako landetxe batean, baina eskualdean dagoen hotel plaza murritza eta duten prezio garestiegia harrigarria da benetan.