Disdirak merezi zuen eta lortu du (53-72)

img

Iraurgiko Lehen Maila Nazionaleko taldeak klubaren historian beste orrialde bat idatzi gaur Aieten, eta gainera, 100 zale baino gehiagoren artean egin du, hauen bultzada ezin hobea jasota. Disdirak EBA ligara igoera lortu du kantxan.

Kiroldegira berandu xamar iritsi denak ziurrenik begiak birritan zabaldu behar izan ditu gure mutilen aldeko markagailua 0 eta 16koa zela ikusi duenean. Disdirak Baskoniak baino hiru martxa gehiagorekin hasi du partida eta lehen laurdeneko hasierako bost minutuetan arabarrak kantxatik kanpo utzi ditu. Defentsan eta erasoan irmo, gure mutilek dena egin dute ondo eta kilate askoko saskibaloia eskaini digute. Argi zegoen hala ere, Baskoniak agertu beharra zeukala Donostiatik eta laurdenaren amaiera aldera egin du, defentsa sendotzea lortu dute eta erasoak ere ondo landu dituzte jaurtiketa erosoen bila, eta horri esker abantaila murriztea lortu dute, 12 eta 22ko partziala Disdirarendako.
Ortunek argi zeukan bere taldeak atzean gogorrago lan egin beharko zuela partidan aukerak edukitzeko eta horrela egin du. Baskonia gogorrago hasi da defendatzen eta Disdirak lehen laurdenean izan duen eraso jarioa galdu du. Arabarrak talde moduan hazi egin dira bigarren laurden honetan eta duten kalitate izugarria erakutsi dute, 7. Minutuan Rodriguesek desabantaila hiru puntutan utzi duen arte (23-26) bi jaurtiketa librerekin. Laurdeneko azken hiru minutuak atzeko lanari oda bat izan dira eta bi taldeek buru belarri lan egin dute defentsa arloan. Defentsa bakoitza legalitatearen limitean egon da eta epaileek lana erruz egin behar izan dute partidak eskuetatik ihes ez egiteko. 15 eta 12ko partziala Baskoniarentzat eta atsedenaldira partida nahiko irekia bientzat (27-35).
Baskoniak hirugarren laurdeneko lehen minutuetako gure defentsa hutsak aprobetxatu ditu lau puntura jartzeko berriz. Defentsako intentsitatea totala zen eta kontaktu gogor bakoitzak zaleak ernegatu ditu epaileen lana kritikatuz. Kantxan bizi izan den presioa ikaragarria izan da eta nerbioak galtzen zituen taldeak partida galduko zuela iragarri zitekeen. Petrusev Disdiraren defentsarentzat amesgaiztoa izaten zebilen baina guztiz berotuta joan da epaileengana eta kaleratuta amaitu du. Horrek eragin handia eduki du bere taldekideengan, taldeak lekua galdu baitu kantxan eta Alexen mutilek 12ko aldea zabaltzeko aprobetxatu baitute. 13 eta 18ko partziala Disdirarendako eta 40 eta 52koa markagailuan.
Azken laurdena izan da lasaiena, baina ez du horregatik intentsitaterik galdu. Bi taldeek defentsako lanean gogor jarraitu dute, baina Baskoniakoek erasoan ez dute irakurketa onik egin eta horrek Disdirari aldea mantendu eta handitzeko aukera eman dio. Azken lau minutuak Iraurgirenak izan dira. Baskoniak hauspoa galdu du eta bizirik mantentzen saiatu bada ere, besoak jaisten amaitu du. Gure mutilek gozatu egin dute azken unetan, irabazle ikusi dira eta jokoa kudeatzen jakin izan dute. Markagailuaren presioaz askaturik, jokaldi ikusgarriak egiten amaitu dute zaleen gozamenerako. 13 eta 20 partziala Disdirarentzat.
Ez dago dudarik merezitako igoera dela hau. Merezitakoa, talde hau azken hiru urteetan goiko postuetan egon delako, baina ez duelako izan orain arte lorpen hau eskuratzeko zorte nahikorik. Merezita, bere entrenatzaileak talde honetan asko sinetsi duelako azken urtetan eta topera lan egin duelako bere jokalariekin. Merezita zale hauengatik, larunbatero taldea laguntzera joan direlako jokatzen zuen lekuan jokatzen zuela eta Azpeitiko kantxa kontrarioentzako oso errespetatua izatea lortu dutelako.
EBA ligara igotzea, taldekide guztiak klubean hazitako direnean, etxeko jendearekin, ez dago zerekin ordaindu. Espero dugu eskualdea kontziente izatea gure mutilek eskuratu duten lorpena zeinen garrantzitsua den.
Zorionak Disdira!!!!
Saskiratzaileak: Aldalur X (2), Goenaga, Alberdi (8), Amenabar J (5), Amenabar U (2), Irulegi (3), Aldalur, Ibarguren (8), Merketegi (10), Etxaniz (9), Guridi (20), Astigarraga (5)