Zaragozara bidean

img
Autocares Ulacia ISB

Ulaciak zaragozan jokatuko du asteburu honetan Kluben arteko Endesa Txapelketa. Gure kadete neskek, Euskadiko txapeldun izanik, Estatuko talde onenen aurka barruan duten guztia atera nahi dute. Duten ilusioa ikaragarria da eta ziur poztasun bat baino gehiago ematen digutela.

Ulaciak erronka zailari egin beharko dio aurre igandean hasita. Zozketak multzo oso zailean jarri gaitu eta hurrengo fasera pasatzeak gure nesken esfortzurik handiena suposatuko du. Lehiaketa arauetan egon diren aldaketekin, multzo honetatik lehen hiru sailkatuak pasako dira, eta beraz litekeena da garaipen bakarra lortuta aurrera egitea, baina ez da bat ere erraza izango.

Ezin dugu gure burua engainatu, gure taldeak egundoko kalitatea dauka eta sakrifikatzeko ez du beldurrik, baina hurrengo fasean egon ahal izateko gauzak oso ondo egin beharko ditu. Gure entrenatzaileek ez dute helburu jakin bat ezarri nahi izan eta gure aukerak zeintzuk diren emaitzek esango digute: “gure helburua partida bakoitza ahalik eta saskibaloi onena eginez jokatzea da eta Estatuko talde onenen aurka denboraldi guztian zehar egindako lan onarengatik disfrutatu. Horri partida bakoitzaren ondoren emaitza ona gehitzen baldin badiogu… askoz hobe. Zorteak garrantzia handia izango du eta hori ez dago gure esku, beraz…”
Zozketa A multzoan jarri gaitu, gure aurkarietatik bi txapeldun izan dira euren lehiaketetan eta hirugarrena azpi-txapeldun gelditu da:

- Basket Almeda (Kataluniako Lehena)

- Miralvalle Carnicería Bernal (Extremadurako Lehena)

- La Salle Tenerife (Kanarietako bigarrena)

Egutegia hurrengoa izango da:

2016/05/22, STADIUM CASABLANCA, 14:30tan

Autocares Ulacia ISB Vs Miralvalle Carnnicería Bernal

2016/05/23, STADIUM CASABLANCA, 16:30tan

Autocares Ulacia ISB Vs Basket Almeda

2016/05/24, STADIUM CASABLANCA, 14:30tan

La Salle tenerife Vs Autocares Ulacia ISB

Iraurgi guztiak pasioz biziko du zita hau eta urrunetik bada ere Ulaciari behar duen laguntza ematen ibiliko da. Aurreko asten Donostian Disdirak EBA ligara igoera lortu eta gero, klub guztia moralez gainezka dago eta horregatik nahi du gure neskek Estatuko saskibaloian bere izena letra gorriz jar dezaten.

Denboraldi ikaragarri bati ginga jartzea litzateke. Jarraitzaile batek honako hau jarri zigun aurrekoan twitter kontuan: “ezinezkoa da horrenbeste egitea hain gutxirekin”. Emakumezkoen Lehen Maila, Zilarrezko Leb ligako playoffak, EBA ligara igoera, Endesa Txapelketan bi juniorrek egindako paper txukuna, harrobiko mailetan bost Lauko Finaletan presente… Iraurgiren kirol sasoia izugarria da!!!

Amesteak ez du diru kosturik (oraingoz behintzat)… Bada, zergatik ez?

Egurre Ulacia!!!!