Intza Euskal Selekzioarekin

img
Javier Zurbano

Gure kapitain eta senior nesken taldeko erreferente nagusietako bat Euskal Selekzioak konbokatu berri du. Pasa den astelehenean Basket Basque Tour 2016 aurkeztu zen, Euskal Saskibaloi Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak babesten duten nazioarteko txapelketa.

Gure kapitainaren saskibaloi bertuteez hitz egiten hasiko bagina, folioak eta folioak beharko genituzke. Iraurgi espiritua zer den hobeen erakusten duen jokalarietakoa da Intza Lizarazu: umila, irmoa, borrokalaria eta hazten jarraitu eta zailtasunak gainditzeko espiritu ikaragarriarekin. Saskibaloia pasio biziz bizi duen emakumea eta denboraldi honetan Emakumezkoen Lehen Mailan jokatzeko aukera eduki duena, bere kirol bizitzan mugarri garrantzitsua.

Euskal Selekzioak deitu izana egundoko pribilegioa da beretzat, sekulako pozarekin jaso duen saria, Iraurgirekin egin duen lan eskergari errekonozimendua. Kluba oso arro sentitzen da deialdi honengatik eta txapelketan bere egunerokoa pasioz biziko dugu.

Durango eta Zornotza izango dira Basket Basque Tour honen bi egoitzak, saskibaloia gogo handiz bizi diren bi herri. Duda gabe ondo aukeratuta.

Euskal Selekzioaren aurkariak lehen mailakoak izango dira: Argentina eta Venezuela. Argentinarrak Hego Ameriketako Txapelketan laugarren amaitu berri dute, eta bertan jokatzen du Gisela Vega pibotak. Venezuelarrek azpi-txapeldun amaitu dute, Brasilen kontrako finala soilik galdu dutelarik. Beste behin Roselis Silvak egin dezakeena gertutik bizitzeko aukera edukiko dugu, Venezuelako selekzioan dagoen jokalari garrantzitsuenetakoa baita.

Txapelketaren egutegia hurrengoa izango da:

2016/06/03. Landako (Durango). 19:30tan

Euskadi Vs Venezuela

2016/06/04. Larrea (Amorebieta). 17:00tan

Argentina Vs Venezuela

2016/06/05. Larrea (Amorebieta). 12:00tan

Euskadi Vs Argentina

Zorionak eta egurre Intza!!!!