Garaipen sufritua eta gozatua

img

Zornotzaren aurkako derbia 89-82 irabazi du Sammic ISBk

Derbia izan da gaur Azpeitiko kiroldegian. Sammic ISBk Zornotzaren bisita izan du, arerio gogorra lidertza mantentzeko. Azpeitiarrak ondo hasi dute lehia eta 5 puntutako aldearekin amaitu da lehen laurdena.

Bigarren laurdenean ordea, bizkaitarrek eurren indarra erakutsi eta erreboteetan nagusi izanik, partidari itzulia ematea lortu du, aldageletara 35-39 iritsiz.

Hirugarren laurdenean taldeak hobekuntza izan du baina hala ere oso parekatua izan da, gora behera askokin markagailuan. Laugarren eta azken laurdenean, Sammic ISBk talde lana oso ondo burutu du, eta azkenean Zornotza menderatzea lortu du, 89-82.

“Bagenekien Zornotza oso talde fisikoa zela, eta erreboteetan min asko egin digun arren, Sammicek sufritzen badakiela erakutsi du. Nahiz eta askotan atzetik joan, partidari ez diogu inoiz aurpegia galdu. Azken laurdenean sinistu egin dugu, gure aukera izango genuela jakinda, eta aurretik jarri garenean oso ondo jokatu dugu, buruarekin. Partida zaila baina aurrera ateratzea lortu dugu”, agertu du Iker Bueno entrenatzaileak.

Gaurko garaipenarekin lidertzan jarraitzen du Sammic ISBk eta 5 partida besterik ez direnean falta liga amaitzeko, garaipen bateko aldea mantentzen du bigarren sailkatuarekin.

Hurrengo astean berriro etxean jokatuko du Sammicek, Valladoliden aurka, eta gaur izandako zaleen babes berdina izanez gero, garaipena lortzea errazagoa izango da.