1975 ARRUEN ESANETARA

img

Taldeak gora-behera asko izaten zituen.........................................

Taldeak gora-behera asko izaten zituen, eta zenbait urtetan lanak izaten zituzten jendez osatzeko. Batzuek lan arazoak zituzten, baziren futbolera itzultzen zirenak, edo ikasketagatik saskibaloia uzten zutenak. Artean Josu Arregi Bilbon zebilen, Aguilasen jokatzen, eta urte haietan Javier Arrue ibili zen taldea osatzeko lanetan, eta lan handia egin zuen Lagun Onak-ek urtero-urtero taldea izan zezan. 1974an senior mailako taldearen atzetik junior mailako taldea ere osatu zuten: Jose Miguel Etxaniz, Iñaki Uria, Miguel Angel Elorza, Mikel Sarasua, Kike Zurutuza, Jose Antonio Etxabe, Luis Antonio Etxaniz, Kinito, Iñigo eta Alex Agirre anaiak... Urte batean Uria utzita egon zen ikasketak zirela eta, baina Arruek deitu egin zion entrenamenduetara behintzat agertzeko, eta gerora Iraurgin urte luzeetan lanean aritu dena izan da Uria.

1976-77an, Iñigo Agirre azpeitiarra klubeko lehendakari zela, talde juniorrak oso lan duina egin zuen txapelketan. Gazteak indartsu zetozen, eta hori, inolako dudarik gabe, taldea sendotzen ari zen adierazlea zen. Gerora urte luzeetan egonkor mantendu zen taldea sortzear zen.

Saskibaloiak nahikoa jende biltzen zuen, baina klubak ez zuen eman beharreko jauzia ematen. Nahi eta ezinean ari ziren beti, aurrekontua nola bete ezin asmatuta betiere. Klubak apenas zuen diru laguntzarik. Saskibaloian jokatzeko gogoa zuten eta, beraz, iraunbizitzeko kinielak eta zozketak egin beharrean aurkitu ziren. Hortik sortu zen, hain zuzen, garai haietan hain modan zeuden berbenak antolatzearen burutazioa ere: zenbait urtetan arrakastatsua izan zen errege bezperan Egan taldearen dantzaldia Azpeitiko Azoka Plazan.