1976-77 BATZUK JOAN, BESTEAK ETORRI

img
Josemi Etxaniz

Ezinbestekoa zen, batzuek bere maila-rengatik, beste taldeetara joatea, eta beste batzuk, kanpoan zirenak beraien ikasketengatik, herrira itzulzea.

Josu Arregik Aguilas taldera eraman zuen Jose Miguel Etxaniz 1976. urtean, bistakoa baitzen etorkizun oparoko jokalaria zela. Etxanizek bi urte egin zituen han, bigarrena Josu gabe, hau 1977an itzuli zelako herrira. Hark ere goi mailako saskibaloian aritzeko aukera izan zuen; gerora horrek bere fruituak eman zituen Iraurgiren mesedetan. Aguilasetik Askatuakera joan zen, Donostiara, eta gero Juvenen aritu zen, orduan ere Donostian.

Etxanizek berak Askatuaken egin zuen Luis Oyonoren ezagupidea —gero urte batzuetan aritu zen Iraurgin Oyono ezaguna—. Inauteri batzuetan, Donostian, Luis Oyono, Cunta-Quinte beltz esklabo bezala mozorrotu zen eta Jose Miguel haren jabe, zuri bezala; Luisek beldurtzeko hotza pasatu omen zuen, nahiz eta Etxanizek gogotik egurtu; Bataplan dantzalekuan irabazi zuten mozorro-sariak pittin bat epeldu zuen.

.1977. urtean, Josuren itzulerarekin batera, Iraurgiren historian giltzarriak izan diren beste bi jokalari azaldu ziren: Pello Aizpuru eta Jose Luis Zubizarreta Xubi.

Pello Aizpuru hamalau urterekin hasi zen lehen taldean —bere lehen taldean—, 1977an, eta 1992a arte egon zen jokatzen. Beraz, Pello Azipuruk, saskibaloian, beti aritu behar izan zuen senior mailan.

XUBI VALENTZIAN HASI ZEN
Xubik, berriz, Betharramdarretan ikasten zuen, eta 1972an Valen-tziara joan zen Chesteko Lan Arloko Unibertsitatera ikasketak egitera. Han hasi zen saskibaloian jokatzen eta lau urteren buruan —1976an— Eibarrera etorri zen BUP egitera. Eibarko ikastetxeko junior taldearekin Lagun Onak-ekoen aurka jokatzea bururatu zitzaion. Xubik dioenez, azpeitiarrak jokatzen ez omen ziren beste munduko ezer. Teknikoki maila eskaseko taldea izan behar zuen, baina Azpeitian haiei irabaztea oso zaila omen zen, beldurtzeko egurra banatzen zutelako. 1977an bertan Xubi Lagun Onak-ekoekin hasi zen jokatzen. Elorza, Uria, Benito, Luis Mari Larrañaga Azpeiti, Javier Arrue, Esteban Urbieta, Antton Orbegozo, Pello Aizpuru eta Altu-nak osatzen zuten taldea. Xubik lan saio batean, ezkerretik sarrera egiteaz gain, saskia pasatuta saskiratu omen zuen, teknikoki besteen baino zertxobait maila jantziagoa zuela agerian utziz, eta Uriak “txulo” deitu omen zion, otzandu nahian. Pike txikiak, besterik ez, bestela lagun handiak zirelako.

Sasoi hartan jokatzen zen saskibaloiak ez du zerikusirik egungoarekin. Askoz joko askeagoa zela dio Josu Txapaok, horrenbeste eskemarik gabe. Bestetik, jokoa motelagoa zen, bai erritmoan, baita geldialdiei zegokienean ere; pertsonalak jaurtitzean, hiru aukera izaten zirelako, besteak beste.

ÚLTIMAS NOTICIAS

Ver todas