BETHARRAM, BURDIN AROA

img
Hainbat jende hurbiltzen zen Betharram-eko jolastokira

Betharram-eko aretoa, orain beharrezkoa, hainbat urteetan ezinbestekoa

Lagun Onak, bere neurri apalean, klub egitura sendotu nahian zebilen. Eperra tabernaren babesa lortu zuen, baina instalakuntza aldetik ipurdi-bistan zeuden. Betharramdarretako jolastokia saskibaloirako prestatu zenean, gazte haientzako egundoko lorpena izan bazen ere, luze gabe konturatu ziren hura ez zela saskibaloian jokatzeko leku egokiena. Lehenik eta behin, estali gabea zelako; argi egokirik ez zuen, argi-itzaletan uzten baitzuen jolas-eremua; plaka gune batean irristakorra zen eta espray irristagaitza ematen zen; pentsatzekoa denez, ipurtaldeak berotzeko egokiagoa zen saskibaloian jokatzeko baino, batez ere kanpotik partida jokatzera etortzen zirenentzat, hemengoek ongi baitzekiten non zegoen platano azala.

Gaur egun, eskolarteko txapelketetan, partida denak ezin dira kiroldegian jokatu, eta estali gabeko jolastokietan jokatu behar izaten dira partidak; guraso zenbait kexu agertzen dira haurrak busti egiten direla eta; belar motzean hezi behar dela esango du norbaitek; orain sikiera zorua galipotezkoa da eta ez da irristatzen.

Lehengo hariari helduz, orduan ere arazo larrienak euria egiten zuenetan sortzen ziren; saskibaloia baino gehiago waterpolo partida baten traza izaten zuen hark. Zoru irristakorrean, putzutan boteak emanez, eskuak sentikortasunik gabe, tauletan baloiak labainduz...; zirko itxura zuen. Mahaiak eta ordezkoen eserlekua frontoi txikian kokatzen ziren. Eta neguko hotzekin, kanpoa izozten zenean, oraindik zailago! saiakeran bihurtzen zen han partida jokatzea. Noizbait gatzaz baliatu ziren edo izotza jo eta su pikatu behar izaten zuten. Beste sasoi batzuk ziren... Gaur egun, kiroldegian, jokalari gazteek makina bat aldiz entzun behar izaten dituzte antzinako pasadizo penagarri haiek, eta barre egiten dute, adarra jotzen ari zaizkielakoan.

Saskiak gurpilez gorde eta ateratzen ziren, eta tente egon zitezen, burdinezko kontrapisuak jartzen zitzaizkien gainean. Josu Arregik kontatzen du behin Madrilera ezkontza batera autoz abiatu zela emaztearekin, eta bidean nahiko kezkatuta omen zihoan autoak ez zuelako agertzen behar bezalako indarra; halako batean, aldapan gora larri zihoazela, geratu egin zen, eta hara non topatu zituen maleta-tokian saskiei eusteko erabiltzen ziren burdinezko totxoak!

Kinitok ere izan zuen aferatxoa saskiarekin. Hark base jokatzen zuen, eta aparteko gaitasuna zuen jokalaria zen: tximista baino bizkorragoa eta pino eginda eskuen gainean ibiltzeko abildadea zuen. Kontua da, Irunen Amigosen aurka zuten partidu batean, Kinitok maisutasunez baloia lapurtu eta kontraerasoan atera zela bizi-bizi, baina saskiratzeko burua jaso zuenean, saskia falta! Izan ere, Irunen saskiak sabaitik zintzilik zeuden eta Kinitok jolas-eremua eta saskia atzean utziak zituen.




ÚLTIMAS NOTICIAS

Ver todas