Lehen Mailako taldea hasi da itxura hartzen

  • isb.eus
  • 2015/07/28
  • Javier Zurbano
img

Atzo, astelehena, jakin zuen taldeak datorren denboraldiko egutegia, eta Kanaria Uharteetako taldea izango du lehen aurkaria, irailaren 26an jokatuko duen partiduan. Bederatzi gaztek eta hiru entrenatzailek osatzen dute momentuz taldea.

Eskualde osoak eta, batez ere, Gipuzkoako probintziak eliteko jokalari onenak ikusteko aukera izango du datorren denboraldian Azpeitian. Ez dago esan beharrik kirol historian gertaera garrantzitsua dela hori, berdintzeko zaila baina bizi eta gozatu beharrekoa. Askorentzat - gu barne - emaitzek ez dute inportantziarik izango datorren denboraldian, baizik eta garrantzitsuena Iraurgin hezi eta hazitako bederatzi jokalarik estatuko onenen aurka jokatuko dutela da. Klub gutxik daukate aukera hori esateko, ziurrenik, esku bateko hatzak nahikoak izango lirateke berauek zenbatzeko.

Etxeko bederatzi jokalari, etxeko bi entrenatzaile eta etxeko delegatu bat izango dira Iraurgiko izena estatu osora zabalduko duten abenturazaleak. Egutegia eginik dago jada, eta lau dira azpimarratu beharrekoak diren egunak:

2015/08/26: ISB Vs Spar Gran Canaria. Festa handiaren hasiera! Gure neskek Lehen Mailan debutatuko dute Azpeitiko kiroldegian.

2015/07/10 ISB Vs Perfumerias Avenida. Emakumezkoen saskibaloian ikurra den taldeak egingo digu bisita. (3. jardunaldia)

2015/12/19 ISB Vs IDK Gipuzkoa. Gipuzkoa kutsuko derbia. Azken urteetan ezinezkoa izan den gertaera (13. jardunaldia).

2016/03/23 ISB Vs Gernika. Beste Euskal derbia (25. jardunaldia)

Egutegia eskuetan duela, taldeak ere bere egutegia egina du dagoeneko. Abuztuaren 20an hasiko dira lanean eta, momentuz, bederatzi dira taldea osatzen duten jokalariak:

GARAZI ARREGI (1992/01/20). Antolatzailea. Baloiaren domeinu handia eta jokoa ikusteko gaitasuna dira bere bertute nagusiak. Jaurtitzaile ona da hiruko marratik.

NAROA URIA (1996/12/29). Antolatzailea. Taldea oso ondo antolatzen du eta 6,75 marratik ondo jaurtitzen du. Defentsan langilea eta bizia da.Taldeko gazteena da Uria.

EIDER BEREZIARTUA (1991/10/18). Eskolta. 1x1eko jokalari bikaina eta defentsan oso ona.
IRATI ETXEBERRIA (1992/06/04). Hegalekoa. Bere ezaugarririk onena 1x1en aurkako gaitasuna da. Gainera, errebotean oso bizia da.

MAITE ZUBIZARRETA (1995/03/06). Hegalekoa. Jokoa ikusteko izugarrizko gaitasuna dauka eta jaurtitzaile bikaina da. Errebotean ere oso ondo moldatzen da.

INTZA LIZARAZU (1991/05/21). Hegalekoa. Taldeko kapitaina taldeko “killer”a da, dudarik gabe. Jaurtitzaile bikaina, batez ere hiruko marratik.

ITSASO ASTIGARRAGA (1995/08/10). Pibota. Oso defendatzaile ona. Asko beldurtzen du saskipean eta ondo mugitzen da errebotean. Nagusi da zona barruan.

MAITANE GURRUTXAGA (1991/09/18) Hegal-pibota. Oso ondo ixten du errebotea Gurrutxagak, eta jaurtiketa bikaina dauka 5 metro ingurutik.

AINARA EPELDE (1991/03/19). Antolatzailea/eskolta. Oso jokalari azkarra, baloiaren domeinu eta joko ikuspegi bikainarekin.

Entrenatzaileak, Joseba Lizarralde “Rubio”, Aritz Aldalur eta Jose Manuel Gurrutxaga “Gurru” (delegatua) izango dira.

Entrenatzaileak eta kirol saila lanean ari dira gainontzeko jokalariak lotzeko. Ziurrenik, beste hiru jokalarik osatuko dute taldea: bi pibot eta kanpoko jokalari bat. Ezer ez dago itxita oraindik.

- 03 Calendario Liga Femenina.pdf