Bera Bera Manteo 41 - Iragaz ISB 39

img

Denboraldiko bigarren porrota, partidu garrantzitsuenean.

Partidu gogorra eta erabakigarria Donostiako Bera Bera taldearen aurka jokatutakoa. Zoritxarrez, helburua ez genuen lortu, zazpi puntutako abantailarekin irabazi beharrekoa, bi puntuz galdu genuen.

Partidu haserako helburua, ahal zen azkarren aurretik jartzea zen, oso indartsu irtenez eta presio gogorra eginaz, baina justu justu alderantzizkoa gertatu zen. Beraien aurreneko bi jokaldiak hiru puntuko jaurtiketen bidez lortu zituzten eta konturatzerako hamar eta huts galtzen ari ginen. Zama haundia partidu honetarako. Horrez gain, guk izugarrizko saskiratze errazak huts egin genituen eta seigarren minutura arte ez genuen aurreneko puntua lortu, jaurtiketa libre baten bidez.

Hala ere, laurden honen amaieran, zazpi eta hutseko partzial batekin (10-7) bukatu genuen laurdena.

Bigarrengo laurden haseran, partidua berdintzea lortu genuen, Maite Agirrek lortutako jaurtiketa hirukoitz baten bidez, baina berriro beriek beste sei eta hutseko partzial bat lortu zuten eta atsedenaldira, (20-14) galtzen bukatu genuen. Oso puntu gutxi lortu genituen, guk nahi genuena lortzeko.

Hirugarren laurdena izan zen taldeko onena, batez ere bukaerako minutuak. Nahiko laurden parekatua jokatu ondoren, azken bi minututan zortzi eta hutseko partziala lortu genuen, Eiderren zortzi puntuz baliotuta, eta puntu bat gora amaitzea lortu genuen.

Aurreneko aldia zen partiduan aurretik jartzen ginala eta horrek ilusioa piztu zigun azken laurdena jokatzeko. Baina nahiz eta hiru puntutako abantaila lortu laurden hasera honetan, ondorengo sei minututan ez genuen saskiratzerik lortu eta baloi "tonto" batzuek galdu genituen beraiek aprobetxatu zituztenak partidua bereganatzeko.

Helburua ez lortu arren, neska guztiek zuten guztia eman zuten eta ahalegin haundia ipini, baina egun denak ez dira berdinak izaten eta partidu honetan asko huts egin genuen saskiaren aurrean.


Saskiratzaileak:
M. LOIOLA (4), M. ALBIZURI, ALAIA (1), ANE (0), EIDER (8), MAITE (3), ZABALETA (5), NEREA (6), IBARZABAL (2), AINHOA (0), MAIALEN (0) eta MARIA (9).