Comercial Zabala ISB txapeldun!!

img

Urte gogor baten ondoren Comercial Zabala ISB gipuzkoako txapeldun.

Lehen laurdena
Ez ginen ongi hasi, 4.minutuan 0-4 galtzen. Saskiratzea asko kostatzen zitzaigun eta Eguileor saski azpian nagusi zen eta Martinez bikain ari zen jolasten, laurden honetan 7p, 20rekin amaitzeko. Ondorengo 6 minutuetan 15 puntu lortu genituen, Maiterenak 9, jaurtiketa libreen marratik 6tik 5 sartuaz. Presioan nahiko ongi, asko kostatzen zitzaien baloia ateratzea. Horrela 15-14 lehen laurdenaren amaieran.

Bigarren laurdena
Porras izan zen laurden honetako protagonista. Easoren laurden honetako 6 puntuak bereak, bai erasoan eta bai defentsan errebotean nagusi izateaz gain. Laurden parekatua izan zen, beraiek saski azpian nagusi eta gu erasoan barnekaldietan ateratako faltekin jaurtiketa libreko marratik erantzunez. Aitziberrek aukera onak izan zituen markagailuan apur bat ihes egiteko baina ez zuen asmatu. 21-20 atsedenaldian eta dena erabakitzeko.

Hirugarren laurdena
Lehenengo aldeak ateratzen hasi ginen, Naroaren hiruko batekin hasita. Presioan egindako lan onari esker bere bi pibotek ez zuten aukerarik izan saskiratzeko eta 7 puntuko aldea lortu genuen. 35-28.

Laugarren laurdena
Bi une garrantzitsu izan zituen, lehen 2 minutuak eta 5.na. Partidua apurtzera irten ginen, 39-28, orduan Easo zonakako defentsan jarri zen, hutsarte baten ondoren zonakako defentsa hobeto irakurriko genuelakon nengoen baina beste hutsarte baten beharra egon zen, 5 puntura gerturatu baitziren eta ez genuen erasoan asmatzen. Bigarren hutsartearen ondoren gauzak erasoan asko hobetu ziren, Maiteren jaurtiketa bat eta Naroaren 2+1eko jokaldi batekin berriro 10p-ko alde lortu baikenuen. Berriro lehengo defentsara itzuli ziren eta aldea handitzen jarraitu genuen. Azkenean 53-38.

Zorionak taldeari, ez garaipenagatik, urtean zehar egindako lanagatik baizik. Orain Euskadiko txapelketara, ea lan polit bat egiten dugun.

LASESARRE KIROLDEGIA BARAKALDO
1go Jardunaldia: 2010/05/29
10,30 Comercial Zabala ISB - ARABA

2. Jardunaldia: 2010/05/29
16,30 Bizkaia - Comercial Zabala ISB

3. Jardunaldia: 2010/06/05
10,30 Bizkaia - Araba

Argazki galeria

Zorionak neskak!!