Sein Neskak 64 - Easo ATE Asesores 45

img
Sara Zabaleta (argazkia: Javi Zurbano)

Azken bost minutuetan erabaki zen partidua, etxeko lehen garaipena eta hirugarren postua lortzeko.

Laugarren partiduan lortu genuen etxeko lehen garaipena hiru porroten ondoren. Easo arerio zuzena zen sailkapenean eta garaipen benetan garrantzitsua.

Partidua oso berdinduta hasi zen, oso joku motelean eta gure erritmoan ezin jokaturik. 7. minutuan beraien erasoko erreboteen eraginez 6-12koa ezarri zuten arte. Hutsarte baten ondoren “esnatu” eta gure jokoa egiten hasi ginen partiduari txispa apur bat emanik. Azken bi minutuetan 8-2eko partziala eta 16-14 lehen laurdena.

Bigarren laurdena lehena amaitu bezala hasi genuen, erasoan baloia ongi mugituz eta atzean baloia presionatuz. Gauzak horrela 6. minutuan 25-16 ginen aurretik, baina azken 4 minutuetan baloia mugitzen jarraitzen genuen baina garrantzitsuena saskiratzea dela ahaztuta. Horri galdutako baloiak eta beraien erasoko erreboteak gehiturik, 27-22 atsedenaldian.

Atsedenaldiaren ondoren gauzak beretsu jarraitu zuten, laurden honetako 8. minutuan 3 puntura gerturatu zitzaizkigun arte (34-31). Hutsarte baten ondoren eta defentsako balantzean izaten ari ginen arazoak konponduta 12-2ko partziala azken 2 minutuetan (46-33).

Azken laurdena gaizki hasi genuen, erasoko falta bat ez zena, gure aurka falta erasoan zena... momentu eroak, beraiek jaurtiketa libreen marrara eta gu erasoan ezin asmaturik. Ondorioz 6. minutuan 48-43. Beste hutsarte bat eta ISB-ren 4 minutu bikain, 16-2ko partzial batekin 64-45 bukaeran, benetan behar genuen garaipen bat lortzeko.

Taldea hobetzen hari da partiduz partidu, baina oraindik zer hobetu asko dugu. Hemendik bi astera Ibaeta, multzoko liderra, partidu zaila izango da, baina irabaztera joango gara.