Sein Neskak ISB 36 – Donosti Basket 66

img
Sein Neskak ISB

Ridikulu handi bat A-1erako sailkapena “ospatzeko”.

Aste osoan zehar ez genuen ongi entrenatu, aste osoan abixatzen egon nintzen orain dela ordua benetan gogor entrenatzeko… Eta hona hemen emaitza. Markagailu aldetik baino eman genuen itxura okerragoa izan zen, “patxanga” haundi bat zen, lagunarteko partidu bat, azkeneko 2 laurdenetan “patxanga lotsagarria” bihurtu zena.

Hasera–haseratik garbi ikusi zen ze partidu mota izango zen, atzean ahul eta oso erlajatuta, eta erasoan 24 segundutik 23 elkarri baloia pasatuz, azken segunduan jaurtiketa txar bat egiteko. Agian nahiago nuen sailkapena partidu honetan jokatu izan bagenu, aktitude falta hau ez baitago onartzerik.

Gauzak horrela, Donostia Basketeko neskak ere asko nekatzeko asmorik gabe etorri zirenez 11-13 amaitu zen lehen laurdena. Baina ez pentsa hau izan zenik laurdenik txarrena, oraindik Seineko neskek errezital handia eman behar zuten, bere defentsako intentsitate eta erasoko mugimendu bikaienekin. 17-25 atsedenaldian.

Hemen amaitu zen dena. Guk gurean jarraitu genuen, Donostira erropak erostera joaten direnean bezala, lasai eta ondokoei kasurik egin gabe, patxaraz. Donostia Basketek puntutxo bat higo zuen, ez pentsa beste munduko ezer izan zenik, %50ean jokatzen ari baziren, %51ra pasa ziren, 7-16 eta 12-25eko 2 laurden zoragarriz gozatzeko.

Hau izan zen gure sailkapena ospatzeko partidua, hau izan zen taldearen aktitudea gu baino hobea den talde bati aurre egiteko, eta hau bada A-1ean izan behar dugun aktitudea astean 4 aldiz alferrik ari gara entrenatzen. Hobetzeko ilusiorik ez baduzue, dakizuena egin nahi ez baduzue, nahiz eta ezer ez jokatu, ez ohore eta ez garaipen goserik ez baduzue… ez dugu Euskal Ligan jokatzerik merezi.

Eta ez da lehen aldia hau gertatzen dela, Tabirakoren aurka ere zerbait antzekoa gertatu baitzen, baina bai lehena ain nabarmenki besoak jaitxita eta galtzera irten garena, edo 40 minutuak ahalik eta azkarren pasatzera.