Comercial Zabalak irabazi dio Decoramik-i infantilen arteko derbya

Bi taldeak parez pare ibili dira atsedenaldira arte, baina hirugarren laurdenean erabakita gelditu da partidua (47-33)

Derbyarekin hasi dugu errendimenduko infantil nesken txapelketa eta Comercial Zabalako neskak izan dira garaileak aurreneko partida honetan.

Partida oso parekatua hasi da, baina beti Zabalakoak izan ditugu aurretik nahiz eta aldeak oso txikiak izan. Eneritzek hartu du Zabalakoen ardura saskiaren aurrean eta bera izan da aurreneko laurdenean saskiratze gehien lortu duena. Decoramiken aldetik, Laurak lortu ditu aurreneko saskiratzeak baina bukaeran Zabalako Ihintzaren bi saskiratzeren ondorioz, 12 - 7ko emaitzarekin amaitu da aurreneko laurdena Zabalako nesken alde.

Bigarren laurdena ere oso parekatua izan da. Zabalakoak aurreneko laurdenean baino traketsago jokatu dute eta Decoramikekoen ardura, Eiderrek hartu du, laurden honetako jokalaririk erabakigarriena izateraino. Taldeak lortutako hamar puntuetatik, zortzi Eiderrek lortu ditu. Atsedenaldira 21 - 17ko emaitzarekin joan gara Zabalaren alde.

Atsedenaldia badirudi hobeto etorri zaiola Zabalako taldeari. Hirugarren laurdenean erabakita utzi dute partida, hogei eta biko partziala sartuaz Decoramikeko neskei. Oso laurden ona burutu dute Zabalakoek, azkar jokatuaz eta saskiratze errazak lortuaz. Decoramikekoei oso luze egin zaie laurdena, ezin izan baitute Zabalakoen joko ona gelditu. Oihane izan da laurden honetako saskiratzailerik onena eta Ane Odriozola kontraerasoak hoberen bukatu duen jokalaria. Hirugarren laurden bukaeran Zabalak 41 Decoramikek 19.

Azken laurdenean, partida erabakita sartu gara. Laurden hau Decoramikekoentzat izan da. Partidako zatirik hoberena jokatu dute eta aldea murriztu duten arren, Zabalakoek nahiko kontrolatua izan dute partida. Azken emaitza, Comecial Zabala 47 Decoramik 33 izan da.

Garbi ikusi da gauza asko ditugula hobetzeko, baina entrenamenduetan jartzen ari diren gogoa ikusirik dudarik ez dut egiten hobetzen joango garela. Hori bai, egiten ditugun akats nabarmenenak, kontzentrazio faltagatik dira eta hori zuzendu beharra daukagu. Jokalari batzuk oso momentu onean daude eta horietako bat izan da partidako jokalaririk onena, hain zuzen Eneritz Larrañaga.

Partzialak: 12-7, 9 - 10, 20 - 2 eta 6 – 14

Saskiratzaileak:

C. ZABALA: Agirretxe, Eneritz (12), Oihane (15), Ihintza (5), Nerea, Besga (2),Inge (4), Loiarte, Naroa (2), Larraitz (1), Odriozola (4) eta Izaro (2)

DECORAMIK: Olabarria, Maitane (5), Libe, Begoña, Eider (11), Laura (7), Gurrutxaga (2), Kerejeta, Loiola,M. Ibarzabal, M. Bastida (2) eta Maria (6)