Kirol Aukerak galdu gabe jarraitzen du

img
Argazkia: J. Zurbano

Nahiz eta nagusitasunik erakutsi ez, Easo Arbelaitzi 51 eta 42 irabazi zion

Aurreko astean Bergaran partidu gogorra jokatu behar izan zuen Kirol Aukerak eta aste honetan lehen mailako infantilez osatutako Easo Abelaitz hartu zuen etxean. Agian partidu erraza izango zutelakoan edo, Aitor Astiren bajak taldeari min egin diolako, baina taldeak ez zuen erakutsi ustez donostiarren aurrean duten nagusitasunik.

Lehen laurdena oso berdindua izan zen. Baloi asko galdu zituzten Iraugikoek eta saskiaren azpian ere ez zuten gehiegirik asmatu, baina bigarrenean trantsizio azkarrak egiten hasita, erritmoa bereganatu zuten etxekoek eta abantaila on bat lortu zuten atsedenaldirako: 28 eta 17.

Aldageletatik bueltan, partiduak bere horretan jarraitu zuen. Lana ona zen eta errebotean ere hobetu zuten Kirol Aukerakoek, baina ez zuten neurketa apurtzerik lortu, eta azken minutuetan, irabaztea erraz lortuko zutela ikusita edo, pixka bat erlaxatu ziren. Horrek bere eragina izan zuen markagailuan, 0 eta 8ko partziala egin baitzuten donostiarrek. Hala ere, azkenerako garaipena etxean gelditu zen: 51 eta 42.