Comercial Zabala ISB da lider berria

img
Argazkia: J. Zurbano

Easo Pagoari 43 eta 24 irabazi zion partidu bikaina jokatu eta gero.

Txapelketa irabazteko bi faboritoak izan ziren aurrez aurre asteburu honetan Azpeitiko kiroldegian eta biak talde gogorrak izanagatik, partidu oso parekatua espero zen. Hala ere, uste baino modu errazagoan irabazi zuen neurketa Comercial Zabalak eta lider jartzea lortu dute honenbestez ISBkoek.

Lehen laurdenean gainera apurtu zuten partidua Iraurgikoek. Eneritzek bikain jokatu zuen eta bere eskutik, Comercial Zabalak korrika egin, defentsako lan bikaina burutu eta jaurtiketetan asmatuta 15 eta 6ko partziala lortu zuen. Easokoek horri aurre egin nahi izan zioten eta lehen laurdenean erabilitako defentsa itxia aldatu zuten. Ordura arte jaurtiketetan izandako erraztasunik ez zuen eduki Comercial Zabalak eta puntuak eskuratzea zailagoa egin zitzaion, baina atzean sendo zebiltzan etxekoek eta horri esker atsedenaldira 13 puntu gora joan ziren.

Hirugarren laurdenean ere defentsak erasoen gainetik ibili ziren eta jokoa ez zen ikusgarria izan. Hori bai, Comercial Zabalak aldeari eusten jakin zion. Hori zen bere lana, atzean sendo egonez, abantaila kudeatzen jakitea garrantzitsua zen garaipena eskuratzeko eta bikain egin zuen hori. Azken minutuetan baina, agian donostiarrek aldea txikitzen ez zutela ikusita edo, etxekoak prezipitazioan erori ziren erasoko jokoan. Iraurgikoen minuturik txarrenak ziren, baina erasoko joko eskasa defentsako lan onarekin konpontzen zuten eta azkenerako erraz lortu zuten garaipena eta lidergoa.

Saskiratzaileak: (15-6/10-6/10-7/8-5)

C. ZABALA ISB: L. Agirretxe, Eneritz (18), Oihane (13), Ihintza (10), Nerea, L. Besga, Inge, Larraitz (1), Alaitz (1), Naroa, Maialen eta Ane.