Comercial Zabala ISB Decoramik ISB baino gehiago

img
Argazkia: Iraurgi SB

39 eta 21 irabazi eta gero, lider jarraitzen du.

Bai Comercial Zabala ISBk, bai eta Decoramik ISBk helburu argia daukate denboraldia amaitzen hasi den honetan: Lauko finala jokatzea eta final-erdietan elkarren aurka jokatu behar ez izatea, biak ere finalera heldu ahal izateko. Horretarako lehen eta hirugarren postuan amaitu beharra daukate bigarren fase honetan. Baina helburu hauek lortzeko bidean berriz ere elkar gurutzatu behar izan dira bidean.

Eta berriz ere Comercial Zabala gailendu zen derbyan. Hala ere, azken emaitzak erakusten duena baino gehiago sufritu behar izan zuen irabazi ahal izateko. Lehen laurdena adibidez, oso-oso parekatua izan zen. Defentsako lanak erasokoak baino hobeak ziren eta eraso luzeak jokatu behar izan zituzten bai talde batek eta baita besteak ere. Zabalakoek lehen aldeak hartu bazituzten ere Decoramikekoak erantzuteko kapaz ziren. Hala ere, bigarren laurdenean Zabalakoek barruan zuten guztia atera zuten eta geldiezin bihurtu ziren. Hiruko marratik asmatuta eta baloia ondo mugituta min handia egin zuten eta hamabi puntuko aldearekin iritsi ziren atsedenaldira.

Decoramikek oraindik bi laurden oso zituen egoerari buelta emateko baina euren jokoak hobera egin beharrean okerrera jo zuen. Egia esan, Zabalakoak ere ez ziren hobeto aritu, entrenamenduetan landutakoa guztiz ahaztu izan balute bezala. Hutsegiteak hutsegiteen ondotik heltzen ziren, baina azken minutuetarako berriz ere bere onera bueltatu eta neurketa erabakita utzi ahal izan zuten. Azkenean 39 eta 21.

Saskiratzaileak: (7-7/18-6/4-2/10-6)

C. ZABALA: Eneritz (7), Oihane (11), Ihintza (4), Nerea (2), Leire (2), Inge (2), Larraitz (3), Alaitz (2), Naroa (5), Maialen (2), Ane

DECORAMIK: A. Olabarria (2), Maitane (1), Libe, Begoña, Eider (6), Laura (6), A. Gurrutxaga, Alaitz (3), Miren (3), Maria