“Gu baino hobeagoen aurka borrokatzen eta besteen aurka irabazten saiatuko gara”

img
Argazkia: Iraurgi SB

Kirol Aukera ISBk asteburu honetan ekingo dio Espainiako Txapelketari Vecindarion, Kanaria Handian.

Kirola Aukera ISBk sekulako denboraldia burutu du aurten. Gipuzkoan, infantil mailan, parean aurkitutako guztia gainditu du eta hori gutxi balitz, Euskadiko Txapeldun amaitzea ere lortu zuen, ustekabean Fundación Baskoniari garaitzeko kapaz izan zelarik, gerora Durangoko Tabirakori ere irabaziz. Guzti honek Ekainaren 16tik 23ra Vecindarion, Kanaria Handian, jokatuko den Espainiako Txapelketarako txartel bat lortzea ahalbidetu dio.

Larunbatean egingo dute bidaia hegazkinez, Madrilen geldiunea eginda, eta denboraldian zehar 13 jokalarik jokatu badute ere “jokalari bat kanpoan gelditu behar izan da, txapelketako arauak behartuta, 12 jokalarirekin bakarrik jokatu baitezakegu” adierazi digu Jose Luis Zubizarreta taldeko entrenatzaileak. Ez da lehenbiziko aldia Iraurgiko harrobiko taldeentzat Espainiako Txapelketan. Duela gutxi adibidez, kadete mailan bi taldek hartu zuten parte, eta iaz ere “bederatzigarren gelditu ginen neskekin infantil mailan eta oraingoan helburua lehiatzea izango da, nahiz eta badakigun txapelketaren maila, orokorrean, gurea baino haratago dagoela, eta litekeena dela hurrengo astebururako kanpoan egotea. Hau sari bat dela jakinda, gu baino hobeagoen aurka borrokatzen eta besteen aurka irabazten saiatuko gara”. Zubizarretak beraz argi dauka Espainiako Txapelketa hau ondo pasatzeko, lehiatzeko eta gauza berriak ikasteko balio izateaz gain, urtean zehar landutakoa plazaratzeko aproposa ere badela, izan ere denboraldi bikaina egin dute bere mutilek: “tartean behin lortzen ditugu emaitza txukunak harrobiarekin, baina aurtengoa ezusteko handia izan da.

Baskoniak adibidez gurea baino talde hobeagoa dauka”. Arabarrei garaitzea besteak beste saria eman dio Kirol Aukera ISBri; izan ere, talde handien (Bartzelona, Real Madril, Joventut, Estudiantes..) harrobiko taldeak ekiditea lortu dute lehen fasean eta nahiz eta horrek ez duen esan nahi derrigorrean multzokako fasea pasa behar dutenik, baina agian errazagoa egin ahal zaie.

Hori bai, UCAM Murtzia, La Salle Nautico eta Leclerc Caja Rural Salamanca taldeetako jokalariak ezagutzea ez da erraza eta zein maila duten jakin gabe… “saiatu naiz informazioa topatzen eta Salamancako jokalariei buruz behintzat zerbait badakigu, Tenerifekoei buruz berriz, 6 jokalari zituela irletako selekzioan eta Murtziakoei buruz, ezer gutxi”, beraz bertan ikusi beharko dute lehen fase pasatzeko aukera zenbatekoa den.
Zorte on!!