Garaipen bat lortuta etxera bueltan

img
Jon Zabarte (argazkia: cbtorbellinoeventos.com)

Kirol Aukera ISBk hirugarren postuan amaitu du bere multzoan, lehen fasean.

Sekulako denboraldia burutu eta gero, Gipuzkoako eta Euskadiko Txapeldun izatea lortuta infantil mailan besteak beste, Kirol Aukera ISBk Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela lortu zuen eta Vecindarion izan dira Iraurgiko mutilak Ekainaren 16tik gaur arte. Aurrean izango zituzten aurkariei buruz gauza handirik jakin gabe, kontrario hobeagoen aurka borrokatu eta besteei garaitzeko helburuarekin hasi zuten txapelketa eta gutxienez garaipen bat lortuta bueltatu dira etxera.

Lehenengo neurketa irabazi zuten gainera Jose Luis Zubizarretaren mutilek. Leclerc Caja Rural Salamanca taldearen kontra neurtu behar izan zituzten indarrak Iraurgikoek eta neurketa oso parekatuta joan zen azken minutura arte. Azken minutura markagailuan berdinketarekin iritsi ziren, baina 20 segundoren faltan Ander Merketegik hirukoa lortu zuen eta horri esker 55 eta 52 irabaztea lortu zuen Kirol Aukera ISBk. Aipatu beharra dago Aitor Astigarragak (11 puntu eta 12 errebote) eta Jon Zabartek (11 puntu eta 10 errebote) burututako partidua.

Lehenean justu-justu lortu baldin bazuten irabaztea, bigarrenean, multzoko talderik gogorrenaren aurka, txapelketa honetan zein maila dagoen ohartzeko balio izan zien gipuzkoarrei. Partidua hasiera txar batek 23 eta 0ko partziala jasotzera eraman zuen Kirol Aukera ISB eta modu horretara garaipena lortzeko aukerarik gabe gelditu ziren Tenerifeko La Salle Nauticoren aurka. Azkenean 65 eta 45 galdu zuten eta azken neurketara irabazi beharrarekin heldu ziren lehen fasea pasa ahal izateko.

Hirugarren eta azken neurketan hil ala bizi jokatu behar izan zuten UCAM Murtziaren aurka. Irabazten zuenak final zortzirenetarako sailkapena lortuko zuen eta Bartzelonaren aurka neurtzeko aukera eduki modu honetara. Partidua nahiko berdindua izan zen, nahiz eta Urola bailarakoak atzetik ibili ziren minutu gehienetan. Hala ere, hirugarren laurdena amaierarako partiduari buelta ematea lortu zuten eta aurretik heldu zirenazken minutuetara. Baina momentu erabakigarrienetan murtziarrek gehiago asmatu zuten eta Aitor Astigarragaren eta Ander Merketegiren partidu bikainak ez zuen garaipena fruitu moduan eduki. 65 eta 69 izan zen azken emaitza eta Iraurgikoak txapelketatik kanporatuta gelditu ziren.

Hala ere, denboraldia bikaina izan da Kirol Aukera ISBko taldekideek burututakoa eta hori dela eta zoriontzea besterik ez da gelditzen.

Zorionak eta segi lanean mutilak!!