Saskibaloiko euskal selekzioak Senegalen kontra jokatuko du Azpeitian ostiralean

Kiroldegian izango da, 20:15ean hasita, eta ETB1-ek emango du zuzenean. Pablo Laso hautatzaileak Lan Mobel ISBko hiru jokalari sartu ditu deialdian: Beñat Barberena, Marcos Casado eta Mikel Motos.

Iaz Argentinan edukitako esperientziaren ostean, Euskal Selekzioak Senegalen kontra neurtuko ditu indarrak aurten. Bi partida jokatuko dituzte: Azpeitian eta Gernika-Lumon. Lehenengo partida ostiralean jokatuko dute Azpeitiko kiroldegian, 20:15ean hasita, eta ETB1-ek emango du zuzenean. Bi egunera, igandean, Gernika-Lumoko Maloste kiroldegian jokatuko dute bigarren partida, 19:00etatik aurrera.

Pablo Laso Real Madrileko entrenatzaile gasteiztarra da euskal selekzioko hautatzailea. Lasoren erabakiz, Lan Mobel ISBko hiru jokalari daude deialdian: Beñat Barberena, Marcos Casado eta Mikel Motos.

Senegal selekzio gisa ezezaguna baldin bada ere, baditu dagoeneko ezagun egin diren jokalariak, besteak beste: Frantziako ligako Hyres Toulon taldean jokatzen duen Mouhammad Faye edo Dallas Mavericksekin NBAko bi udako liga jokatu dituen Moussa Baba Seck. Bestalde, iazko Afrobasket-ean final-laurdenetan kanporatua izan zen Senegal. Taldea gazteagotzea du helburu selekzioak eta euskal selekzioaren kontra jokatuko dituen bi neurketek datorren udan izango den Afrobasket-a prestatzeko balioko die.