Lander Lasa «etxera» itzuliko da, Iraurgi saskibaloiko lehen taldera

Azkoitia, Azpeitia, Kirola

«Nire bi urte garrantzitsuenetakoak izan ziren, bai kirol arloan, bai pertsonalki. Beti izango dut gogoan Iraurgi, eta berriro han jokatzeko aukerari ez diot inoiz aterik itxiko». Berria.info-n elkarrizketa digitala egin zioten otsailean Lander Lasa (Tolosa, 1988) hegaleko saskibaloi jokalariari, eta horixe adierazi zuen Iraurgiri buruz. ACB mailako Lagun Aron ari zen jokatzen. Atzo, berriz, datorren denboraldia Iraurgin jokatuko duela esan zuen Berria.info-ko Berria Telebistako 6. uztaia Londresko Olinpiar Jokoak zuzeneko saioan egindako elkarrizketan.

Bi denboraldi eta gero itzuliko da Iraurgira. Izan ere, 2007tik 2010era artean bi denboraldiz jokatu zuen berta,n eta handik Lagun Arorako jauzia egin zuen. «Orain, Lagun Aron ez neukan tokirik, eta ikusita Espainian saskibaloiak duen arazoa ekonomikoa eta taldeak osatuta daudela, Iraurgik jokatzeko eman didan aukerari heldu diot».

«Etxera» itzuliko dela esan du Lasak, Iraurgi bere etxea dela sentitzen baitu. «Lagun Arora joan aurretik Iraurgin bi denboraldi egin nituen. Aurreneko denboraldian igoera fasea jokatu genuen, baina ez genuen lortu igotzea. Bigarren urtean, ordea, Gandian (Valentzia, Herrialde Katalanak) jokatu genuen igoera fasean, mailaz igotzea lortu genuen», dio Lasak. Hau da, Espainiako EBA Ligatik LEB mailara igotzea lortu zuen orduan Iraurgik. «Esperientzia polita» izan zen.

Saskibaloian jokatzen gozatzeko eta saskibaloi jokalari bezala ezagutaraztera emateko asmoarekin dator tolosarra, «berriro saskibaloian disfrutatzeko, eta berriro gora egiteko Espainia mailan nire izena ezagutarazteko asmoarekin nator». Horrez gain, «urte polita egitea» espero du Lasak.

Hasieraren datak zehazteke
Oraindik denboraldi aurreko entrenamenduekin ez da hasi Iraurgiko gizonezkoen lehen
taldea. Denboraldi berriaren datak jarri gabe ditu federazioak, eta horiek jakindakoan zehaztuko dute denboraldi aurreko prestaketa. Aurreko denboraldian bezalaxe Iurgi Caminosek zuzenduko du LEB mailako Iraurgiko taldea.

Azpeitiko kantxa ederki ezagutzen du Lasak, «ondo baino hobeto», baita Iraurgiko zaletuak ere. «Denboraldi polita egiteko, talde baten berme handiena afizioa da, eta ea ostiralero Azpeitiko kiroldegia zaletuz betetzen dugun, taldea aurrera ateraz. Ekonomia arazoak gorabehera, garrantzitsuena urte polita egitea da, Azpeitiko klubak izen handia hartzeko. Hortik aurrera diru laguntza gehiago izatea espero dugu».

Gipuzkoa mailan saskibaloi klub bezala, Lagun Aro kenduta, bi klub daude indartsu, Iraurgikoa eta Tolosakoa. Batik bat haurretatik hasten direlako lan polita egiten eta hortik aurrera Iraurgin bigarren klubik inportanteena da Gipuzkoan, baina ezin du erlaxatu atzetik klub asko datoztelako indarrarekin».