Babesle bila jarraitzen dugu liga hasteko atarian, eta ez dago erraza

img

Krisiak gure gizarteko arlo guztiak jo ditu. Baita kirola ere. Herri mailan, punta-puntako kirola eskaintzen dutenen artean Iraurgi Sakibaloi elkartea dago. Herriko klub moduan jaio zena, orain, bailara mailakoa dela esan daiteke.

Gazteei kirol eskaintza duin bat egitea da bere asmoa. Bitarteko ahalik eta onenekin, saskibaloian jokatzeko aukera eman. Bide batez, klubeko lehen taldea jokalariz hornitu, eta nola ez, Gipuzkoako zein beste tokietako taldeak ere horni-tzen saiatu. Bere nahi hori txukun betetzen dutela esan daiteke, azkenaldian, beraien jokalari edo entrenatzaile izandakoak talde garrantzitsuetako lehen lerroetan ikusten bait ditugu.

Dena den, aurtengoa urte gogorra izango dela garbi du Jose Luis Zubizarreta 'Xubi'k. Krisiaren eraginez aurrekontuak murriztu dira, baina gastuak ez, ez behintzat maila berean. Oraindik, liga hasteko hilabete falta dela, lehen taldearen-tzako babesle nagusiaren bila dabiltza. Eta laster lortzea ez du aurreikusten Zubizarretak, «LanMobelek laguntza handia eman digu orain arte, baina ez da bere momentu onenean aurkitzen, ezinezkoa da orain arte moduan jarraitzea, beste baten bila gabiltza, baina ez dago erraza».

-Klubaren aurreko urteko balorazioa egiten duzu?

-Urte dezente dira oso maila altuan gaudela. Ligetako maila gorenetan mugitzen gara. Gainera, gure jokalariak selekziotan-eta ibiltzen dira. Beraz, alde horretatik oso ondo gabiltza. Azken urteetakoa historikoa dela esango nuke gainera. Izan ere, maila askotan lortu dira emaitzak. Ia 20 talde ditugu, neska eta mutiletako maila ia guztietan, eta aurten infantil eta kadetetan Euskadiko txapeldunak izan gara. Hor egotea eta eustea ez da erraza. Talde bakoitzak, bere aldetik balorazio bat du, baina orokortasunean, mailan mantentzea bikaina da. Bilakaera bat ikusten da, eta noski, onera doa.

-Beno, eta 2013?

-Badator. Helburu berdinekin saiatuko gara, baina ez da erraza. Ditugun hogei taldeetan baliabideak, entrenatzaileak, prestatzaileak eta abarrak bermatzea da lanik handiena ematen diguna. Gero, horien guztien ordutegiak koordinatu behar dira, denen nahiak eta beharrak asetzeko. Baina ahalegina egingo dugu. Bakoitzak bere lana egin behar du, eta ondo egiten den heinean, emaitzak ere horrelakoak dira. Hori bai, ez goaz zuzenean emaitzen bila, noski, badatoz hobe. Emaitzetara estuki lotuta dagoen bakarra lehen taldea da. Horrek bai, zerbait gehiago bermatu behar du.

Oso azaletik, urte ilusionantea espero dut. Lehiakorrak izan behar gara. Beti ez du onenak irabazten, beste gauza asko ere kontuan izan behar baitira. Baina jokoa eman behar dugu. Ikustera jende asko etortzen da, eta horien aurrean ezin dugu partida soso bat eskaini, zor diegu zerbait gehiago.

-Eta lehen ekipo hori dagoeneko lotuta dago?

-Oraindik oso azalean dago. Dena lotzen ari gara, baina egun batean baiezkoa dena, hurrengoan ez da. Lana dugu oraindik egiteko. Baina horretan ari gara. Gainera, aurrekontuek ez dute laguntzen. Orain da unea bertako jende gazteari aukera emateko. Beraien aldeko apustu tinkoa egiteko. Ikusi egin beharko dugu bertakoekin mailari eusteko nola gabiltzan. Zaila izango da aurreko urtean moduko talde 'konpletoa' lortzea. Baina gu jendearentzako osagarri eta formaziorako baliagarri den taldea osatu behar dugu, ez bakar bakarrik emaitzen bila doan taldea.

-Harrobia izatea ere garrantzi-tsua da.

-Hasierako klubaren diseinua herri mailakoa zen. Pixkanaka, bailara mailakoa bilakatu zen, eta konturatzerako, klub handien harrobi ere bagara. Garrantzitsua, bada. Pozgarria ere bai, talde eta selekzioetan gure jokalariak ikustea, ondo egiten ari garenaren seinale da. Baina bertako gazteekin bakarrik talde ona egitea ere zaila da, maila gorenetan, leku bakoitzeko onenekin osatu behar duzu taldea, eta horretan ari gara.

-Hala ere, krisia da duzuen lehiakiderik gogorrena.

-Bai, hori ezin dugu ukatu. Gauza oso beltza dago, oso zaila. Oraintxe babesle bila gabiltza. Zazpi-bat elkarrizketa egin ditut, eta batekin berarekin ere ez dut lortu ezer adostea. Enpresak eta bestelakoak ere ez dabiltza ondo, baina behar dugu, borrokan jarraitu beharko dut horretan. Hori bai, LanMobeli eskertu behar diogu eman digun laguntza guztia. Orain ezinezkoa da beraientzako gu babesten jarraitzea, baina tira, orain arte fin fin egon dira hor beti. Lehen ere nahiko errealista ginen gure beharrekin. Aurrekontuekin zuhur-tziaz jokatzen genuen. Orain, gehiago. Baina hankak lurrean izan ditugu beti.

-Ekonomia medio maila ez eusteko aukera dago?

-Baietz esango nuke. Estuki lotuta doaz maila hauetan. Asko findu dezakezu eta aurrekontuak jaitsi ahala ere, oreka lortu gastuak murriztuta. Baina oso maila exijentean gabiltza. Hemen, egunero lehiatu behar da, akatsak gogor ordaintzen dira. Beraz, arazo ekonomikoengatik talde indartsu bat osatzeko gaitasuna galtzen baduzu, aukera dago mailari ez eusteko, baina positiboak izan behar gara.

-Beno, horietara iritsi baino lehen, zerbait egitea egongo da, ezta?

-Beno, une honetan patrozinatzaileak behar ditugu. Batik bat, lehen babesle bat. Bazkideen ekarpenak, zozketak eta sarrerak laguntzen digute, baina ez da nahikoa. Garran-tzitsua da, erakundeetatik jasotzen dugun kopurua. Esaterako, Foru Aldundiak bermatu digu ez digula murrizketarik aplikatuko, hori oso albiste ona da!

-Eta etorkizuna hor aurrean dago.

-Ez da oso txukun anik esatea, baina uste dut bide onetik goazela. Ondo egiten ari garela. Hori bai, badago zer hobetu. Askotan detaileak dira, baina irudi ona lantzen ari gara, gipuzkoar askok nahi dute gurekin jokatzea. Eutsi egin behar diogu horri.

http://www.diariovasco.com/v/20120823/costa-urola/babesle-bila-jarraitzen-dugu-20120823.html