Guridik, Zubizarretak eta Orozek aurredenboraldia Lagun Arorekin

Hiru atzerritarren fitxak ere konfirmatu ditu talde azpeitiarrak

ISB Iraurgiko jokalari gazteenen artean aurkitzen dira Ibon Guridi, Aitor Zubizarreta eta Xabier Oroz. Hirurak harrobiko jokalariak, lehen biak azpeitiarrak eta Oroz azkoitiarra. Iraurgiko lehen postuetan egunak bakarrik daramatenean, dagoeneko eman dute beste pausu bat, jada Lagun Aro Gipuzkoa Basketekin entrenatzen ari dira eta beraiekin egingo dute aurre-denboraldia.
Hala ere, Illunbeko kantxan ez daude bakarrik. Bertan, Azpeitiko taldea ondo ezagutzen duten Julen Olaizola eta Mikel Motos jokalariak aurkitzen baitira. Gainera, aurten, Mikel Motos ISBra bueltatuko da jokatzera.
Fitxa berriak
Baina denak ez doaz kanpora. Pixkanaka Iraurgiko taldea osatzen baitoa. Aurreko egunetan zenbait jokalarien izenak argitu bazituzten ere, oraindik geratzen dira gehiago. Atzerritarren tartea izango da orain. Fitxa berrien artean Lance Kearse estatubatuarrarena dago. 1989. urtean jaiotako jokalariak pibot postua beteko du taldean. Bere ia bi metroekin, lehen aldia izango da Amerikako Estatu Batuetako ligatik kanpo jokatzen duela.
Estatu batuarra da David Nurse ere. Baina, Nurse Australiako ligatik dator zuzenean Azpeitira. Bere lana base eta eskolta postuak tartekatuz beteko ditu. Gainera, Joseba Ibargutxi donostiarraren osagarria izango da kantxan.
Eta atzerritarren fitxak,Antonio Patín galegoarekin itxi du Iraurgi taldeak. Aurreko urtean Adecco Oro ligara igotzea lortu zuen jokalaria indarrez beteta dator Azpeitira eta pibot postuan arituko da lanean. Jokoan esperientzia handiko da Patín, Real Madrid, Ciudad de Mostoles eta Aguas de Sousasen ibilitakoa baita, naiz eta 24 urte bakarrik dituen.