Iraurgiko lehen taldea hasi da denboraldi berrirako prestatzen

2012/09/05

Espainiako Zilarrezko Adecco ligako Iraurgi SB taldea denboraldi berrirako motorrak berotzen hasi da. Urriaren 13an hasiko du denboraldia Iraurgiko gizonezkoen lehen taldeak. Etxetik kanpo jokatuko du partida, Grupo Eulen Carrefour Avilaren kontra. Denboraldi aurrekorako partidak lotuta ditu, eta, besteak best,e hilaren 21etik 23ra artean Euskal Kopako lehen fasea jokatuko du.

Iurgi Caminosen mutilek joan den ostiralean egin zuten aurreneko entrenamendua, kantxako lanen aurretik lan fisikoa eginez. Taldeak fitxatutako azken jokalariak ere entrenatu ziren: Lance Kearse eta David Nurse estatubatuarrak, Antonio Pantin galiziarra eta Lander Lasa tolosarra. Haiekin batera, Josu Urbizu, Unai Martinez eta Lorenzo Villegas denboraldi aurrekoa lehen taldearekin egingo duten gazteak aritu ziren, eta baita Asier Ibargutxi ere.

Caminosek jokalari gazteak deitu ditu denboraldi aurrekorako taldea osatzeko. Izan ere, Iraurgiko Mikel Motos (Donostia, 1993), Ibon Guridi (Azpeitia, 1992), Xabi Oroz (Azkoitia, 1996) eta Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) denboraldi aurrekoa Lagun Aro GBCrekin egiten ari direlako.

Iraurgik lehen taldea osatzeko ateak zabalik ditu oraindik, barruko jokoa itxiko duen pibot bat fitxatu nahi baitu.

Azken fitxaketak
Iraurgi SBk lehen taldea osatzeko bi amerikar eta galiziar bat fitxatu ditu. Amerikarrak David Nurse eta Lance Kearse dira. Nurse (joko antolatzailea eta eskolta) Australiako Ligan jokatzetik dator Urolako saskibaloi taldera, eta aurreneko aldiz ariko da Espainiako Zilarrezko Adecco Ligan.

Kearse, berriz, Iraurgira NCAA2ko Eckerd College taldetik datorren 23 urteko hegaleko pibota da. Iraurgikoek honi buruz adierazi dutenez, «fisikoki oso indartsua da, eta garaiegia ez izan arren borrokatzeko gaitasun handia dauka eta erreboteak lortzen oso iaioa da».

————————–

Denboraldi aurrekoa

-Irailak 9, igandea. Basconia-ISB, Gasteizen.
-Irailak 15, larunbata. ISB-Tarbes, 17:30ean, Azpeitiko kiroldegian.
-Irailak 21, ostirala. Goierri- ISB, Urretxun. Euskal Kopako lehen fasea.
-Irailak 23, igandea. ISB- Santurtzi, Azpeitian. Euskal Kopako lehen fasea.
-Irailak 29, larunbata. ISB- Oviedo, Azpeitian.
-Urriak 3, asteazkena. Oviedo-ISB, Oviedon (Asturias, Espainia).
-Urriak 6 eta 7. Sailkatuz gero, Euskal Kopa.