Imanol Zubizarreta ere Iurgi Caminosen esanetara egongo da

Azpeitiar joko antolatzailearekin kanpoko jokoa itxita gelditzen da. Aitor Zubizarretak eta Xabier Orozek ere lehen taldearekin entrenatuko dute.

Iraurgi SBk bere filosofiarekin jarraitzen du: Gipuzkoako jokalari gazteei lprofesionalki hazteko aukera ematea, eta harrobiko jokalari bat denean, hainbat eta hobeto. Honen azken erakusgarria Imanol Zubizarretarena (1992-02-18, 1.88m) da. Ohikoa izan da azken urteetan azpeitiar gaztea lehen taldearen deialdiren batean ikustea, baina aurten Zilarrezko LEB Ligako taldearen dinamikan arituko da. Modu honetara Iraurgi SBk jokalari gaztez (Ibon Guridi, Imanol Zubizarreta, Lander Lasa...) osaturik egongo den kanpoko jokoa itxi du. Taldea guztiz osatzeko, beraz, pibot bat bakarrik falta da.

Imanol Zubizarreta jokoa antolatzerako orduan oso abila den jokalaria da, baina erasoan erantzukizuna hartu behar duenean ez da kikiltzen. Behin baino gehiagotan erakutsi du hori Lizuan.com-ekin jokatzen. Orain lehen taldean minutuak irabazi nahiko ditu, Joseba Ibargutxiri eta David Nurseri atseden emanez. Bi jokalari hauetatik ikasteko aukera bikaina izango da hau harrobiko gaztearentzako.

Harrobiko jokalariekin jarraituz, aipatu behar da bai Aitor Zubizarretak eta baita Xabier Orozek ere lehen taldearekin egingo dituztela aste guztiko entrenamenduak. Beste notizia on bat da bi jokalari hauentzat; izan ere, aurre-denboraldia Endesa Ligako Lagun Aro GBC taldearekin egiten ari dira.

Biek ere beheko taldeetan jokatuko dute, lehen taldearekin entrenatu arren. Hori bai, Zilarrezko LEB Ligako taldearen deialdietan egoteko aukera maiz izango dute eta Iurgi Caminos konbentzitzen ahaleginduko dira minuturen bat edo beste eduki ahal izateko.