Goi mailako saskibaloia zapatuan kiroldegian

17:30ean Iraurgi SBk Tarbes talde frantsesaren aurka jokatuko du eta 20:15ean Lagun Aro GBC-Herbalife Kanaria Handia neurketa jokatuko da. Sarrerak 10 euro balio du.

Larunbatean, hilak 15, goi mailako saskibaloia ikusteko aukera izango da Azpeitiko kiroldegian. Lehenik eta behin, Zilarrezko Adecco Ligako Iraurgi SBk bere aurre-denboraldiko lehen neurketa jokatuko du Frantziako bigarren maila nazionaleko L'Union Tarbes Lourdes taldearen aurka. Aurreko asteburuan Baskoniaren aurka jokatu bazuen ere, larunbatekoa izango da Zilarrezko LEB ligako proiektu berria ikusteko aukera. Arratsaldeko 17:30ean hasiko da neurketa eta bertan ISBk egin dituen fitxaketa guztiak ikusteko aukera egongo da. Iurgi Caminosek, gainera, Sam Seck 21 urteko senegaldarra ere izango du bere esanetara. Jokalari hau proba egitera etorri da eta orain entrenatzailea konbentzitu beharko du taldean gelditzeko.

Bigarren neurketa Endesa Ligako bi taldek jokatuko dute 20:15ean: Lagun Aro GBCk, Herbalife Kanaria Handiaren aurka neurtuko ditu indarrak. Aurre-denboraldian Gipuzkoan jokatuko duten bigarren partida izango da Azpeitikoa; Tolosan Blancos de Rueda Valladoliden aurka erraz irabazi eta gero, oraingoan, aurkari indartsuago bat izango dute Sito Alonsoren mutilek.

Beraz, bi goi mailako saskibaloi neurketa ikusteko aukera egongo da 17:30etik aurrera eta sarrerak 10 euroko kostua izango du.