Aurredenboraldiko lehen garaipena Iraurgirentzat

Tarbes taldearen kontra jokatu zuen atzo, igandea, azpeitiar taldeak, eta 91 eta 79 nagusitu ziren Caminosen mutilak. Ostiralean jokatuko du Iraurgik, Euskal Koparen barruan, hurrengo neurketa. Urretxun izango da, Goierri taldearen kontra, 18.30ean hasita.

Aurreko astean Baskoniaren kontra ateak itxitako neurketa jokatu eta gero, atzokoa, igandea, izan zen 2012-13 denboraldirako Zilarrezko Adecco ligarako Iraurgi SBk egindako proiektu berria ikusteko lehen aukera. Non eta etxean, Azpeitiko kiroldegian, zaleen aurrean. Iraurgik 91 eta 79 irabazi zuen, eta aurre denboraldiko lehenego garaipena lortu, beraz. Kostata, baina azkenerako irabazi egin zuen. Egia da, emaitzek ez dutela garrantzia gehiegirik izaten aurredenboraldiko neurketetan. Garrantzitsuagoa da taldeak uzten dituen sentsazioak onak ala txarrak diren neurtzea eta egunetik egunera hobekuntza egiten ari den edo ez ikusi ahal izatea. Baina, garaipenek beti egiten dute errazago garapenaren bidea.

Atzokoan hutsak ikusi ziren, batez ere, hasieran eta atzeko lanean. Taldea oraindik osatu gabe dago eta jokalariek elkarren osagarri izaten ikasi beharra daukate; elkar ezagutu eta bakoitzak zein momentutan non egon behar duen jakin eta ulertu. Baina taldeak sentsazio ona eman zuen, batez ere, erasoko lanean. Tarbesek, Frantziako bigarren maila nazionalean jokatzen duen talde landua dela erakutsi zuen. Min non eta noiz egin bazekitela garbi gelditu zen, behin eta berriz eta, hala ere, ISBk aurre egin zion. Izan ere, Iurgi Caminosen taldek barruko joko oso indartsua daukala ikusi ahal izan zuten harmailetara gerturatutakoek.

Pantinek bikain ulertzen du jokoa (23 punturekin amaitu zuen) eta Kearsek indarra soberan dauka (22 puntu egin zituen amerikarrak). Horrez gain, gazteek erakusten duten gogoa ere goraipatu beharra dago. Ibon Guridi, Imanol Zubizarreta, Xabier Oroz… guztiak ere oso aktibo ibili ziren neurketa guztian. Kanpoko jokoan pixka bat geldoxeago ibili ziren, baina kontutan hartu behar da Mikel Motos oraindik ez dela taldera iritsi, Lagun Aro GBC-rekin ari da-eta aurredenboraldia egiten.

Hala ere, Lander Lasak galoiak zeinek izango dituen erakutsi zuen. Bi urtean ACBn ibili eta gero, aurrera jotzeko atzera pauso txikia eman du tolosarrak aurten, eta liga honetan jokalari garrantzitsua izateko nahia daukala argi dago. Atzo onena izan zen 24 punturekin eta, gainera, azken laurdenean sartutako 15 puntuek lagundu zioten Iraurgiri neurketari buelta ematen eta garaipena lasaitasun gehiagorekin lortzen.

Hurrengo ostiralean jokatuko dute Iurgi Caminosenek hurrengo neurketa, Euskal Koparen barruan, Goierri taldearen aurka Urretxun, 18:30ean hasita.

Lagun Arok, ezin

Iraurgik jokatutako partida eta gero, Endesa Ligako bi talderen arteko partida ikusteko aukera izan zen atzo Azpeitiko kiroldegian. Lagun Aro GBC-k (Iraurgiko Motos eta Oroz jokalariekin) ezin izan zuen garaipena lortu Herbalife Kanaria Handiaren kontra.

Sito Alonsoren mutilek neurketa oso gorabeheratsua jokatu zuten. Lehen neurketa hauetan ohikoa da hori eta, gainera, donostiar taldeko bi jokalari atzerritarrak baja izan ziren. Kanariarrek gipuzkoarren hutsegite guztiak gogor zigortu zituzten eta azkenerako erraz nagusitu ziren: 85 eta 99.