Igo berriak errespetua irabazten

img
Argazkia: J. Zurbano

Errotaundik 77 eta 71 irabazi zion Alde Zaharrari bi luzapen eta gero.

Denboraldi berri bat hasi du Errotaundik eta hasiera guztiak bezala ez da erraza izan. Batetik maila bat gorago jokatu behar duelako taldeak. Bestetik, entrenamendu eta joko sistema berri batera moldatu beharra dutelako jokalariek. Baina behintzat garaipena lortu da. Kostata, baina garaipena, eta horrek beti laguntzen du bide berriari aurre egiterako orduan.

Egia esan Alde Zaharraren aurkako neurketak denetik izan zuen. Bi luzapen, zazpi jokalari kanporatu (bakarra donostiarren partetik eta 6!! etxekoei dagokienez. Izan ere, badirudi igo berriek ez dutela errespetu bera izaten zakur zaharrekin alderatuz gero), bi lesionatu eta tentsioa barra-barra. Momenturen batean Iraurgikoek erakutsi zuten beraietaz nahi dena, baina oraindik ere asko dutela hobetzeko ere argi gelditu zen. Batez ere, defentsako arloan. Kanpotarrek taula-azpian jokalari handi eta indartsuak zituztela ez dago dudarik, baina errebotea zaintzerako orduan ezin dira horrenbeste huts egin.

Hasieratik neurketa oso berdindua izango zela ikusi zen. Ez talde batek ez eta besteak ere ezin izan zuen lau-bost puntu baino gehiagoko aldea zabaldu. Alde Zaharrak, bere barruko jokoa erabiltzen zuen min egiteko eta etxekoek berriz, kanpoko jaurtiketak erabiltzen zituzten behin eta berriz zona barruan sartzeko zituzten zailtasunak jakinda. Defentsa on pare batek ahalbidetu zion Errotaundiri kontraerasoan irten eta alde pixka bat zabaltzeko markagailuan. Baina ISBkoek egindako huts batzuek tarteko eta epaileek adierazitako falta kopuru handiak lagunduta, donostiarrek markagailuan gertu mantentzea lortu zuten. Hori izan zen agian Javier Zurbanoren taldeak egindako akatsik handiena: partidua puskatzen ez zutela jakin, nahiz eta horretarako defentsa ezberdinak tartekatu zituzten une oro, eta kontrarioak bizirik mantendu ziren, gauzak azkenerako asko zailduz.
Horrenbeste zaildu ziren gauzak, partidua 61nako berdinketarekin amaitu zela. Hori bai, epaileak denbora amaitzearekin bat (dagoeneko mahaiko ohar-hartzaileak partidu amaiera adierazita zuen, baina epaileak ez zion kasurik egin) beste falta bat adierazi zien etxekoei eta Alde Zaharrakoek bi jaurtiketa libre izan zituzten garaipena eskuratu ahal izateko. Baina, huts egin zuten eta luzapenera jo zuen neurketak. Faltaz josiak zeuden ordurako batzuk, eta ondo nekatuta besteak. Horrek lehen luzapena ere berdinketarekin amaitzea ahalbidetu zuen.

Bigarrenean Errotaundikoek defentsa aldaketa bat ezarri zuten eta kontrarioek ez zuten jakin nola eraso egin horri. Bestalde, Xabi Aldalurrek ondo jakin zuen donostiarren uztaia nola zulatu eta azkenerako, kantxan zeuden bost jokalarietako bat min hartuta egon arren, Errotaundik garaipena lortu zuen: 77 eta 71. Liga hasteko modu ezin hobea: igo berri batek, Autonomikatik jaitsitako talde bati irabaztea.