Lanik gabe ez dago garaipenik

img
Argazkia: J. Zurbano

Errotaundik 64 eta 59 galdu zuen Irauli Bostekoaren kontra larunbatean.

Larunbatean jokatu zuen Errotaundik etxetik kanpora lehen neurketa eta egia esan gauzak ez zitzaizkion ondoegi irten. Partidua ez zen erraza, Irauli Bostekoa iaz ligan goi aldean ibilitakoa baitzen, baina horretaz gain, Anoetan 20:00tan jokatzea, jakinda 50 metrotara euskal derbya jokatzen zela… burua kantxan eta jokatzen ari zaren partiduan edukitzeko ez da aukerarik onena.

Hasieratik ikusi zen ez zela Errotaundiren eguna izango. Mutilek egindako beroketa jarduna ikustea besterik ez zen falta izan. Eta beroketa gaizki egiten denean… 8 eta 0ko partziala jaso zuten Iraurgikoek. Defentsan taldeak ez zuen erakutsi ez borrokarako gogorik, ez eta aurreko neurketako grinarik. Erreboteak zaintzerako orduan ere, zailtasun ugari izan zituzten, eta erasoko errebotea hartzera joatea ere ahaztu egin zitzaien askotan. Azken horrek defentsarako balantze ona egiteko balio izan balu sikiera… baina egia esan, kontraerasoan behin baino gehiagotan irten ahal izan zuten etxekoek. Modu honetara, donostiarrek 11-13 puntuko abantaila edukitzea lortu zuten une oro gauza gehiegirik egin gabe, eta hori ISBkoek kanpoko marratik dezentetan asmatu zutelako.

Gauza txar guztietan zerbait positiboa aurki daitekeela esaten da eta neurketa honetatik ere gauza onak atera daitezke. Azken laurdenean taldeko zenbait jokalarik ateratako kasta esate baterako. Aulkitik defentsa aldaketa bat agintzearekin bat, taldeak beste aurpegi bat erakutsi zuen atzean eta horrek ahalbidetu zuen markagailuan gerturatu ahal izatea. Besteak beste 4 puntura gerturatzea ere lortu zuen Errotaundik, baina horraino bakarrik lortu zuen gerturatzea. Azkenean, 64 eta 59 amaitu zen neurketa, talde honi etxean irabazteko aukera asko dauden sentipenarekin. Hori bai, lana egin ezkero noski, bestela ez dago garaipena lortzerik.