Hasieratik goi aldean

img
Argazkia: Iraurgi SB

Movilquik Azpeitia ISBk bitik bi garaipen lortu ditu denboraldi hasiera honetan.

Ligan goiko postuetan ibiltzeko asmoa baldin badago, hasieratik ondo ekin behar zaio, eta ahalik eta garaipen gehiena bildu behar da, geroago lasaiago ibili ahal izateko. Movilquick Azpeitia ISBk lehen helburu hori lortzeko bidea bikain hasi du, lehen bi jardunaldietan garaipena eskuratuta.

Lehen jardunaldian Getxon 45 eta 54 irabazi baldin bazuten, bigarren jardunaldian Azkoitian beste bizkaitar bat izan zen bisitari, Gernika KESB, iazko kadeteetako Euskadiko Txapelduna, eta beste behin gipuzkoarrak irten ziren garaile. Bi neurketek gainera gauza bat izan zuten komunean: hasieratik nagusi izan zirela ISBkoak, aldea zabalduz markagailuan, baina partidua puskatzea lortu gabe.

Larunbat honetako partiduan batez ere bigarren laurdenean ikusi zen etxekoak Gernika baino gehiago izango zela. Lehen minutuetan huts asko egin zituzten Iraurgikoek, baina hutsarte baten ondoren erreakzioa etorri zen eta 12 eta 6koarekin amaitu ahal izan zuten lehen laurdena. Movilquickek bere jokorik onena ateratzeaz bat alde egin zuen markagailuan. Atsedenaldirako ia bikoiztu egiten zuen aurkaria (34 eta 18) eta horrek ahalbidetu zuen gerora lasaiago ibili ahal izatea. Agian baina, lasaiegi. Hirugarren laurdenenetik aurrera, agian nagusi zirela ikusita, intentsitatea jaitsi zuten ISBkoek eta puntuak lortzea ere asko zaildu zitzaien. Eskerrak Gernikakoak ere ez ziren finegi aritu saskira begira, bestela agian gogor ordainduko zuten etxekoek ustezko nagusitasuna. Gutxienez, abantailari eusten jakin zuten Movilquickekoek eta hori nahikoa izan zitzaien 53 eta 41eko emaitzarekin garaipena lortzeko. Entrenatzaileek beti nahi izaten dute 12ko aldea 24koa bihurtu ahal bada, horixe lortzea, eta 36gatik irabazterik baldin badago oraindik eta hobeto. Hori lortzen hasten diren bitartean garaipenak batzen jarraitzea ere ez dago gaizki. Beraz, zorionak neskak!!

Saskiratzaileak: (12-6/34-18/42-29/53-42)

MOVILQUICK AZPEITIA: Aldalur, Iturralde (7), De Jesus, Lizarazu (4), Uria (21), Astigarraga (7), Goenaga (4), Zabaleta (2) eta Vesga (8).