Rico Tucker eta Jaromir Fohler, Iraurgiren azken fitxaketak

Zapatuan jaso zuen Iraurgi SB-k aurredenboraldiko lehen porrota. Porrot mingarria, gainera, Oviedok, Zilarrezko Adecco ligan aurkari izango duen taldeak, aise irabazi baitzion azpeitiar taldeari: 56 eta 71, hain zuzen.

Iraurgi Saskibaloi Taldeak itxi du dagoeneko, 2012-13 denboraldian Zilarrezko Adecco ligan aritu ahal izateko taldea. Udan egindako fitxaketez gain, beste bi egin ditu asteotan. Batetik, pibot postua betetzeko behar zuten jokalaria, Jaromir Fohler, eta, bestetik, David Nurse estatubatuarraren lekua hartuko duen Rico Tucker eskolta.

David Nursek, ez ditu klubeko teknikoak konbentzitu eta ez du taldean jarraituko. Hala, hutsune hori betetzeko beste estatubatuar bat fitxatu berri du ISBk: Rico Tucker (1986/01/01–1.83m). Esperientzia handiko jokalaria da eta joko antolatzaile moduan ere minutu batzuk jokatu beharko ditu. San Diegoko Unibertsitatean aritu eta gero, NCAA-n ere jokatu izan du Minnessotarekin. Estatu Batuetan aukera gutxi izan dituela-eta, munduan barrena jokatzeko minutu bila ibili da azken aldian. Iaz, adibidez, Errumanian jokatu zuen. Cleveland-en jaioa, jokalari oso indartsua da fisikoki eta abila teknikoki. Bat baten kontrakoan min handia egin dezake, baina taldean ere jokatzen badaki. Kantxa barruan liderra izan daitekeela dirudi eta bai hiruko marratik eta bai barneraketak egiterako orduan erantzukizuna hartzeko beldurrik ez du edukiko.

Jaromir Fohler-i (1985/01/11 –2.11 m) dagokionez, pibot txekiarra izango da taldeko barruko jokoa itxiko duena. Jokalari gogorra nahi zuten entrenatzaileek eta aurkitu dute. Errebotatzaile fina eta zona barruan ondo mugitzen dakiena, esperientzia handia dauka. Espainian bi talde desberdinetan jokatu du: Kanaria Handian eta Vecindarion, biak ere EBA ligan, nahiz eta azken hiru urteetan Txekian ibili den. Orain, Zilarrezko Adecco ligan ere lekua badaukala erakutsi nahi du Fohler-ek.

Modu honen, 2012-13 denboraldiko Iraurgi SB jokalari hauek osatuko dute:

- Antolatzaileak: Joseba Ibargutxi eta Imanol Zubizarreta.

- Eskoltak: Rico Tucker, Lander Lasa.

- Hegalekoak: Mikel Motos eta Ibon Guridi.

- Hegal pibotak: Lance Kearse eta Beñat barberena.

- Pibotak: Antonio Pantín eta Jaromir Fohler.

Lehenengo porrota

Zapatuan jaso zuen Iraurgi SB-k aurredenboraldiko lehen porrota. Porrot mingarria, gainera, Oviedok, Zilarrezko Adecco ligan aurkari izango duen taldeak, aise irabazi baitzion, non eta Azpeitian. Egia da, asturiarrek fitxaketa handiak egin dituztela aurtengo denboraldiari begira, baina egia da, halaber, etxeko taldeak erakutsi duela oraindik ere asko falta zaiola sasoi onenean egoteko. Azken bi fitxaketek denbora behar dute taldera moldatzeko eta kontutan hartu behar da, errotazioan oso garrantzitsua izango den Mikel Motos oraindik ez dela etorri, Endesa Ligako Lagun ARO GBC-ri laguntzen ari baita. Beraz, taldea berde dagoela agerikoa izan arren, baikor izaten jarraitzeko moduan ere badago.

Atzoko partiduan, hala ere, taldeak ez zuen eman bere aurpegirik onena. Lehen laurdenean pareko ibili ziren arren, bigarren laurdenean sekulako zuloa zabaldu zuen Gillermo Arenasek zuzentzen duen Oviedok. Asturiarrek etxekoen eraso baliabide guztiak ezerezean utzi zituzten defentsa onarekin. Iurgi Caminosenek 8 puntu besterik ezin izan zituzten sartu hamar minututan; jaso ordea, 20 egin zituzten. Modu horretan, Oviedokoak 15 puntuko aldearekin joan ziren aldageletara: 24 eta 39. Bigarren zatia askoz ere berdinduagoa izan zen. Puntu gehiegirik ez zen sartu (aurredenboraldietan ohikoa den bezala) eta talde bakoitzak laurden bat irabazi zuen, baina ordurako Iraurgirentzat jasotako zama gehiegizkoa zen eta, hori dela--eta 56 eta 71ko emaitzarekin amaitu zen neurketa.

Datorren asteazkenean, urriak 3, bi taldeek elkarren kontra jokatu dute, baina oraingoan Oviedon izango da neurketa. Ia ordurako, taldeak beste aurrerapauso bat ematea lortzen duen eta atzokoa bezalako emaitzarik ez den errepikatzen.