Erritmoa garaipenaren oinarri

img
Argazkia: Iraurgi SB

Gerdau Azkoitia ISBk denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen Tabirakori 52 eta 38 irabazita.

Juniorren antzera, Euskal liga jokatzen duten kadete mailako neskek era ezin hobeto hasi dute denboraldia. Bi neurketa jokatu eta bietan irten dira garaile. Eta larunbateko neurketan bezala, oso joko polita eskainiaz gainera.
Durangoko Tabirako beti izaten da aurkari zaila. Bizkaitarrek ondo lantzen dituzte harrobiko taldeak eta horren adibide garbia da lehen jardunaldian neska hauek, Zarautzi 25 puntuko aldearekin irabazi izana. Baina ISBkoak ere ez dira atzean gelditzen eta horren erakusle larunbatean jokatutako neurketa.

Biek ala biek erritmo bizia eta goi-goitik egindako presioarekin ekin zioten neurketari. Zalearentzako joko polit eta interesgarria. Jokatzeko mota horretara baina, etxekoak moldatu ziren hobekien eta horri eskerrak markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. Lehen hamar minutuak amaitzerako ordea, aldea ez zen gehiegizkoa eta bigarren laurdenean, aulkitik erritmoa oraindik eta gehiago jartzeko eskatu zitzaien Gerdaukoei. Eskatu eta egin eta modu honetara gainera neurketako alderik handienak eskuratzea lortu zuten Iraurgikoek.

Atsedenaldia eta gero kanpotarren erantzuna etorri beharra zeukan eta Azkoitiko kiroldegira gerturatutakoek etxekoek erasoa egoki antolatzeko zer nolako zailtasunak eduki zituzten ikusi ahal izan zuten. Tabirakokoek markagailuan gerturatzea lortu zuten bai, baina Gerdauk egindako defentsa lana ere goraipatzekoa izan zen eta berriz ere aldea zabaltzea lortu zuten. Azken laurdenak ez zuen historia gehiegi eduki. Markagailuko aldea mantentzen jakin izan zuten batzuek, besteen ahaleginak ekidinez eta azkenerako garaipena etxean geratu zen.

Saskiratzaileak: (16-12/34-23/46-34/52-38)

GERDAU AZKOITIA ISB: Laura(5), Maite(13), Oihane(8), Eider(0), Mirari(10), Maialen(0), Ane(0), Eneritz(12), Maitane(0), Miren(0), Anne(0) eta Inge(2)