Garagardo azokari hasiera ISBko jokalarien aurkezpenarekin

Lehen asteburua jendetsua izan da eta datorren ostegunean zabalduko dute berriro, 11tik 13ra bitartean


Ostiralean, 20:00etan, zabaldu zituen ateak edizio honetan Iraurgi Saskibaloi Taldeak -Bertan Merkatari Elkartearen eta Udalaren laguntzarekin- antolatutako garagardo azokari. Saskibaloi klubak duen altxorra erakutsi zuen estraineko. Talde guztiak, 230 jokalaritik gora, neska zein mutil, igo ziren oholtzara eta ondoren, Merkatu Plazan gelditu eta mokadua egiteko aukera izan zuten.
Taularatzen lehenak, bertan zeuden txikitxoen idoloak izan ziren, Iraurgi Saskibaloi Taldeko Zilarrezko Adecco mailako mutilak, hain zuzen. Ondoren, Lizuan.com ISB, Zurt taberna ISB... eta horrela Iraurgi Saskibaloiko familia osatzen duten hogei talde inguru.
Berriro, ostegunean
Lehen asteburu jendetsua eta gero, berriro ostegunean, urriaren 11n, zabalduko ditu ateak zerbeza azokak. 20:00etatik eta ordu txikiak arte, nahikoa garagardo eta txerranka, saltxitxa edo oilasko izango da gerturatzen direnentzat. Zuzeneko musika ere bai. Karma taldea izango da bertan ostegunean; Down Town Trio, ostiralean, eta zapatuan, amaitzeko, Izer eta Alabier, Pinoren laguntzarekin arituko dira festa alaitzen.
Ostiralean, arratsaldean zabalduko da Merkatu Plaza, mus txapelketa jokatuko baita. 15:00ak baino lehen eman beharko dute izena partehartzaileek. Bikoteko 30 euro ordaindu behar da.