Jokalariz betetako irekiera

Uztarria.com

Ostiralean ireki zituzten aurten aurrenekoz Plaza Berdurako ateak, IV. Garagardo Azokari hasiera emateko. 20:00etan hasita, Iraurgi Saskibaloi Taldearen talde ia gehienak aurkeztu zituzten jendaurrean; 230 bat jokalari, guztira.

Iraurgi Saskibaloi Taldeko Zilarrezko Adecco mailako mutilak izan ziren oholtzara igotzen aurrenak. Gero, Lizuan.com ISB taldea aurkeztu zuten, Zurt taberna ISB taldea, segidan... eta atzetik igo ziren agertokira talde guztietako jokalariak.

Ostiralean ez zen leporaino bete Berdura Plaza, nahiz eta zapatuan, hilak 10, jende ugari bertaratu zen. Ostiralean PedroMayotarrak taldeak alaitu zuen giroa, eta zapatuan, berriz, Betis eta Realaren arteko norgehiagokaz gozatzeko parada izan zuten han bildutakoek.

Ostegunean, urriak 11, zabalduko dute, berriz, Garagardo Azoka. Karma taldeak eskainiko du kontzertua ostegunean. Down Town Trio taldea izango da ostiralean eta zapatuan,Izer eta Alabier, Pinoren laguntzarekin arituko dira giroa alaitzen. Ostiralean, hilak 12, gainera, Mus Txapelketa izango da arratsaldean.