Iraurgi SB hirugarrena izan da Euskal Kopan

Finalerdietan Cafes Aitonaren aurka galdu eta gero, Natra Oñatiri irabazi zion igandean.

Iraurgi SB-k ezin izan du iazko titulua errepikatu eta hirugarren amaitu du aurtengo Euskal Kopan. Asteburu honetan jokatu da Lauko Finala Bilbon, eta Iurgi Caminosenek asko igarri dituzte taldeko bajak.

Asteburu honetan bertan hasiko du liga Iraurgi SB-k eta proba ona zen Euskal Kopakoa, Adecco liga jokatuko duten beste bi taldek parte hartzen baitzuten txapelketan. Egia da, halaber, ez direla momenturik onenean iritsi ISB-koak. Alde batetik, oso aste gogorra izan dutelako, hainbat neurketa eta entrenamendu gogorrekin eta, bestetik, oraindik Mikel Motos ez delako iritsi taldera, eta Ibon Guridi, Lander Lasa eta Lance Kearse min hartuta zeudelako. Beraz, Iurgi Caminosek oso garrantzitsuak diren jokalari batzuk gabe zuzendu behar izan zuen taldea.

Larunbat arratsaldean jokatu zuten aurreneko partida gipuzkoarrek, eta derbia izan zen, gainera. Zilarrezko Adecco ligara igo berri den Cafes aitona Askatuaken kontra neurtu zituen indarrak azpeitiar taldeak. Iraurgik arazo asko izan zituen uztaira bidea aurkitu ahal izateko neurketa osoan. Harritzekoa ere ez da, izan ere, kanpoko erreferentzia nagusiak falta izan zituen neurketan. Lander Lasak bikietan arazoak zituen, aurredenboraldian saskiratzaile nagusia izan den Ibon Guridik bihurritua zeukan orkatilan eta Mikel Motos GBCrekin jokatzen zebilen. Horretaz gain, Lance Kearsek ere kantxa utzi behar izan zuen hirugarren minuturako.

Guzti hori primeran aprobetxatu zuten donostiarrek, eta nahiz eta, hasierako minutuetan pareko ibili ziren, gutxika-gutxika aldea zabaltzen jakin zuten David Blancarenek. Atsedenaldirako neurketa ia-ia erabakita zegoen. Bigarren zatian trantsizio bizkorrak eta korrika ahalik eta gehien egiten saiatu ziren Iraurgikoak eta erasoan hobeto ibili baziren ere, Askatuakekoek diferentziari eusten jakin zuten. 56 eta 73 bukatu zen partida.

Finalerditan porrota jaso eta gero, hirugarren eta laugarren postuak zeintzuk izango ziren erabakitzeko neurketa igande goizean jokatu zuen Iraurgi SB-k eta oraingoan ere gipuzkoar talde bat izan zuen aurkari: Natra Oñati. Partiduan ez zen kolorerik egon. Bi aurkarien arteko mailan desberdintasuna argi gelditu zen hasieratik eta ISB-koak erraz nagusitu ziren. Lehen minutuetan erasoan ia hutsik egin gabe saskiratzea aise lortu zituzten Iurgi Caminosenek eta di-da batean erabakigarria izango zen aldea zabaldu zuten markagailuan. Atsedenaldirako neurketa erabakita zegoen, eta bigarren zatian, errebotean nagusi izanda eta kontraerasoak aprobetxatuta, erraz irabazi zuen Iraurgi SBk: 89 eta 58.