Aurreko astekoarekin zer ikusirik ez

img
Argazkia: Iraurgi SB

Errotaundik partidu ona jokatuta 79 eta 58 irabazi zion Atco. San Sebastiani.

Aurreko astean Bosteko-Irauli taldearen aurkako neurketan Errotaundik erakutsitako apatia kontutan edukita, eta astean zehar egindako entrenamenduek jokalarien jarrera exkaxa medio ezer gutxirako balio izan zutela ikusita, edozer espero zitekeen igandeko neurketari begira. Atco. San Sebastian neurketarik irabazi gabe iristen zen Azpeitira, baja garrantzitsuekin, baina sustoa emateko prest.

Errotaundikoek baina, barruan daukaten kasta atera zuten. Hasierako minutuetan hotz xamar egon baziren ere, Jon Larrañagak mantendu zituen partiduan behin eta berriz saskiratzeak lortuta. Eta lehen laurdeneko azken minutuetatik aurrera, defentsan gogor eginez eta erasoan gauzak argi edukita berehala egin zuten ihes markagailuan. Bigarren laurdenean adibidez, donostiarrak minutu askoan egon ziren ezin saskiratzerik lortu. ISBkoak ordea, kanpotik barrura eginez, barrutik kanpora aterata eta hiruko marratik, leku guztietatik lortu zituzten puntuak, baloia ondo mugituaz, eta aukerarik onena bilatuaz. Atsedenaldira 20 puntuko aldea zuten alde etxekoek.

Aldageletatik buelta lanean jarraitzeko asmoz kantxaratu ziren Errotaundiko mutilak. Partidua ondo bideratuta eta ia erabakita eduki arren ez zuten erritmoa jaitsi nahi izan eta hori goraipatzekoa da. Erasoan arazoren bat gehiago izan zuten eta defentsan ere agian, nahi baino puntu gehiago jaso zituzten, baina lanean jarraitu zuten eta aurreko astean gertatutako ikusita albiste ona izan zen. Azken bost minutuetara arte ez zuten erritmorik jaitsi. Orduan, jada garaipena poltsikoan zutelako edota fisikoki ere nekea igartzen hasi zirelako, baina bizi jokatzeari utzi zion taldeak. Hori bai, abantaila mantentzen jakin zuten mutilek eta azkenerako 79 eta 58 irabazi zuten.

Goraipatzeko da neurketa honetan taldeak edukitako jarrera aldaketa. Lana egiteko prest eta guztiak ere zuten onena emateko gogoz kantxaratu ziren une oro eta jarrera honekin, batzuetan galdu egingo da, bestetan irabazi, baina aulkian behintzat guztiek gustura amaituko dute. Asteburu honetan atsedena edukitzea agian ona izango da, gogoetarako baina, igandeko neurketak balio behar die jokalariei. Jarrera horrekin arazo gutxi izango ditu denboraldian zehar Errotaundik.