Partidu gogor eta parekatuetan ere garaile

img
Argazkia Iraurgi SB

Movilquick Azpeitia ISBk galdu gabe jarraitzen du CB Arabari 60 eta 71 irabazi eta gero.

Aurreko asteetan nagusi izan bada ere, partiduak ezin apurtu ibili izan dira Movilquick Azpeitikoak eta neurketak irabazten amaitu arren, alde gehiagorekin egin zezaketenaren sentipena gelditu zaio bati baino gehiagori. Aste honetan berriz ere garaipena lortu dute, baina aurreko partiduekin ez du zer ikusirik izan. Gasteizera bi garaipen zituztela iritsi ziren ISBkoak, baina CB Arabak ere beste horrenbeste zituen batuak eta beraz neurketa gogorra espero zen.

Gogorra eta oso parekatua izan zen, batez ere lehen zatian. Etxekoek presioa egin nahi izan zuten hasieratik, baloiak lehenbailehen berreskuratu eta atzean arazo gehiegirik ez edukitzeko. Askotan ondo irten zitzaien eta horri esker markagailuan parekotasun handia egotea lortu zuten. Izan ere, ISBkoek kontraerasoak tarteko eta erritmo bizia ezarrita, alde txikiak edukitzen jakin izan zuten. Atsedenaldian ordea, dena erabakitzeke zegoen, 35 eta 37koarekin joan baitziren aldageletara.

Hirugarren laurdena bide beretik joan zen, azken minutuetara arte, Movilquickekoek hiruzpalau jokaldi on eginda 9 puntuko aldea zabaltzea lortu zuten arte. Horrek konfiantza eman zien gipuzkoarrei eta azken laurdenean etxekoen ahalegin guztiak ezerezean uzteko kapaz izan ziren, azkenerako abantailari eutsi eta 60 eta 71 irabaztea lortu arte.

Oraingoz hiru garaipenekin sailkapenaren goi aldean daude ISBkoak, baina datorren astean beste aurkari zail bat izango dute aurrean: Electro Alavesa Araski. Beraz, lanean jarraitu beharko.

Saskiratzaileak: (19-23/35-37/45-54/60-71)

CB ARABA: Ainhara (15), Irantzu (2), Nerea (21), Miriam (4) eta Silvia (2) –bosteko nagusia– Vero (8), Edurne, Laura (2), Malen eta Myriam (6)

MOVILQUICK AZPEITIA ISB: Iturralde (2), Lizarazu (13), Uria (27), Astigarraga (12) eta Vesga (11) –bosteko nagusia– Loyola (2), Galdos, Olarte, Goenaga (4), Zabaleta eta Iturralde