Porrota ezagutu gabe

img
Argazkia: J. Zurbano

Movilquick Azpeitiak neurketa zatarrak ere aurrera ateratzeko gai da, larunbatean Araskiren aurkakoa bezala (59-55)

Ezin hobeto hasi du liga Movilquick Azpeitia ISBk: garaipenetik garaipenera. Gainera jokatutako lau partiduetan denetik erakusteko kapaz izan da, gauza oso onak eta huts batzuk ere bai. Neurketetan nagusi izateko kapaz da, baina beste batzuetan partiduak puskatzeko gai ez dela ere erakutsi du. Hori bai, hutsa konpontzea errazagoa da garaipenaren bidetik jarraituz.
Araski Arabako talderik indartsuena da eta neurketa zaila espero zen Azkoitiko kiroldegian. Zaila izan zen, baina ez oso ikusgarria. Huts asko eta gauza polit gutxi. Ikusi ziren gutxiak gainera lehen laurdenean erakutsi zituzten bai talde batek eta baita besteak ere. Lehen hamar minutuetan saskiratze ugari lortu zituzten bi taldeek eta 20 eta 18koarekin amaitu zen aurreneko laurdena. Bigarrenean, etxekoek oldarkortasun gehiago erakutsi zuten, defentsan sendoago ibili ziren eta intentsitate horrek atsedenaldira 9 puntuko abantailaz joatea ahalbidetu zien.
Baina badirudi indarrak eta ideiak aldageletan gelditu zirela. Araskikoek defentsa aldaketa egitearekin bat, uztairako bidea ia-ia desagertu egin zitzaien ISBkoei eta laurden guztian 8 puntu besterik ezin izan zituzten lortu. Eskerrak kanpotarrak ere ez ziren finegi aritu erasoan eta horri esker laurdena goitik amaitzea lortu zuten. Hala ere, arabarrek markagailuan gerturatzen jarraitu zuten eta bi puntura jartzea ere lortu zuten. Orduan etorri zen etxekoen erreakzioa eta garaipena etxean geldituko zela argi utzi zuten berriz ere 8 puntuko aldea zabalduaz, nahiz eta azken emaitza 59 eta 55ekoa izan zen.
Datorren astean Movilquick Azpeitia ISBkoek beraiekin batera lider dauden Tabirakoren aurka jokatu beharko dute. Partidu zaila beraz, bizkaitarrek ere ez dutelako oraindik porrota ezagutzen eta gainera neurketa Durangon izango delako.
Saskiratzaileak: (20-18/17-10/8-12/14-15)
MOVILQUICK AZPEITIA ISB: Zabaleta (10), Lizarazu (17), Uria (12), Astigarraga (11) eta Vesga (2) –bosteko nagusia– Loyola (2), De Jesus, Goenaga, Iturralde (5) eta Aldalur.
ARASKI: Molinuevo (12), Cano (7), Lozano, Rementeria (8) eta Del Campo (5) -bosteko nagusia- Vesga (5), Okoye, Becerra, De la Torre (4) eta Conde (14).